"Franco diktadorea hil zenetik hogeita hamaika urte pasatu diren arren, frankismoaren kateekin lotuta segitzen dugu herri honetan", gogorarazi dute manifestazioaren amaieran irakurri duten adierazpenean.
Nabarmendu dute faxismoa ez dela iraganeko mehatxua soilik. "Gaur bertan desfilatu dute euskaldunon hiriburuan Guardia Zibilak eta Falangeak, Nafarroako lurrak odolaren gorriaz zikindu zuen erakundeak", zioen irakurri duten adierazpenak.
Espainiako Indar Armatuen eta Hispanitatearen Egunaren harira, Euskal Herriko hainbat eragilek elkarretaratze eta manifestazioetara deitu dute gaurko. Aldarri nagusiak indar armatuak Euskal Herritik alde egitea, eta autodeterminazio eskubidea errespetatzea izango dira goizean eta arratsaldean egingo diren mobilizazioetan.
Falangeak istilu eta guzti eguerdian egin duen manifestazioari erantzuteko baliatu nahi izan du ezker abertzaleak arratsaldean egin den mobilizazioa. Hala, ezker abertzaleak oso garrantzitsutzat jo du «faxismoaren aurka eta Euskal Herriko eskubide demokratikoen alde» Iruñeko kaleak jendez betetzea. Halaber, UPN eta PSNri leporatu egin die ez dutela ezer egin «alarde militarista eta faxistak» ekiditeko.
DEIALDIAK HIRIBURUTAN. Bestetik, Askatasunak Konponbide garaia da. Alde egiteko garaia da leloa hartuta deitu ditu mobilizazioak. Askatasunaren ustez, gaurko data euskal herritarren borondateari «bizkar emanez» izendatu dute jai eguna, eta «Euskal Herriak jasaten duen errepresio politiko bortitzaren aurpegirik gordinenetakoa ekartzen du gogora».
LABek, bere aldetik, euskal langileentzat «jai inposatua eta iraingarria» dela salatu du. Sindikatu abertzalearen aburuz, «tamalgarria» da Euskal Herriko erakundeek Espainiako estatuak «jai iraingarriz» osatutako lan egutegia besterik gabe onartzea. Horrenbestez, elkarretaratzeak deitu ditu hiriburuetan. Rafa Diez LABeko idazkari nagusia Donostiako elkarretaratzean izan da eta "benetako inplikazioa" eskatu die Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariari eta euskal erakundeei egutegitik gaurkoa bezalako jai egunak kentzeko.
Udalbiltzak, berriz, Euskal Herriko festa egutegiaren arabera bizitzea aldarrikatu du, eta gaurko egunaren aurrean «Euskal Herriaren eraikuntzan murgiltzeko eta euskal naziotasuna» aldarrikatzeko deia luzatu die euskal herritarrei.
DEIALDIAK
Ezker abertzalea.Atzoko eta gaurko faxisten aurrean autodeterminazioa lelopean manifestaziora deitu du Iruñean, 17:30ean, Autobus geltokitik abiatuta.
LAB. Honako elkarretaratzeak egin dituzte: Donostian, 13:00eran Bulebarrean; Iruñean, 12:00etan Karlos III.a kalean; Bilbon, 11:30ean udaletxe parean eta Gasteizen, 13:00etan Legebiltzar aurrean.
Askatasuna. Manifestazioak iragarri ditu, besteak beste, Gasteizen, 19:30ean Andra Mari Zuriko plazan, eta Bilbon, 19:00etan, Plaza Eliptikoan.
Gazte Abertzaleak.Performance bat egin du Donostiako Portuan, 11:30ean.
Urriak 12
Faxismoaren aurka milaka lagunek bete dituzte Iruñeko kaleak
=iAtzoko eta gaurko faxisten aurrean autodeterminazioa=i lelopean Iruñeko autobus geltokitik 17:30ean abiatu da herritar abertzale eta ezkertiar talde batek deitutako manifestazioa. Eragile sozial eta sindikal ugariren atxikimendua bildu aurreko egunetan du manifestazio deialdiak eta gaur milaka lagunek Iruñeko kaleak bete dituzte faxismoaren aurkako aldarrikapenekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu