Ekitaldi hunkigarria egin dute gaur Tolosan (Gipuzkoa) faxismoaren biktimen omenez. 'Errepublika eta Euskal Herriaren Askatasunaren Alde Hildakoei Monumentua’ aurkeztu dute, eta kolore askotako jendea bildu da. Txalaparta soinuarekin hasi da ekitaldia, eta monumentuan dauden zuloetan loreak jarri dituzte biktimen senideek.
Aurtengoa urte berezia da Tolosan, beste biktima asko bezala, Jose Ariztimuño Aitzol idazle, kazetari eta elizgizona fusilatu zuteneko 75. urteurrena ospatuko dutelako. Horrekin batera, ordea, bere jaiotzaren 115.a ere ospatuko dute. Joan den astean aurkeztu zuten Aitzol Euskal Pizkundearen Urteurrena:
-Martxoaren 18an, Joseba Ariztimuño Olaso Aitzolen jaiotzaren 115. urteurrena ospatuko da Tolosan. Bera jaio zen Gorosabel kaleko 12. atarian plaka oroigarria jarriko da. Aitzol euskaltegiak eta euskara erakundeak biltzen dituen Euskaraeneak bultzatuta egun osoan Aitzolen testuen irakurketa egingo da.
-Martxoaren 19an, hainbat neska-mutilek zuhaitzen landaketa egingo dute Elosegi parkean. Horrela emango zaio hasiera Zintzoen Basoari, Tolosako berdegune handienean, Aitzol eta euskal pizkundearen, gizon-emakume haien txokoa izango da. Zintzoen Basoa urriaren 16an, bizitza adierazgarri heriotzaren egunaren bezperan.
-Ekainaren 24ean omenaldi berezia egingo zaie euskal pizkunde mugimenduko eragile nagusiak eta Tolosako alkate izan ziren Doroteo Ziaurrizi (Errepublikako lehen alkatea) eta Antonio Maria Labaieni (alkatea 1936an).
Hauekin batera, urtean zehar Tolosako kultur eskaintza Aitzol eta Euskal Pizkundearen inguruan tematizatuko da. Ekimenarekin bat egin duten Euskal Herriko erakundeek ere euren aldetik hamaika ekitaldi antolatuko dituzte, eta bat egingo dutenek ere berdin egingo dute.
Bestalde, urteurrenaren tresna nagusi bezala euskal pizkundea-ren webgunea erabiliko da, Euskalpizkundea.net, eta bertan bilduko da Aitzol eta Euskal Pizkundeari buruz dagoen informazioa, zein urtean zehar sortuko dena.