FCC enpresa buru duen ABEEa proposatu dute Zubietako errauste plantaren bigarren zatia egiteko

Enpresen baturak 5,3 milioi euro jasoko ditu urtean, eta 20 urteko esleipena izango du proiektuak. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko asanbladak onartu behar du kontratazio mahaiaren proposamena.

Errauste plantaren lanak "martxa onean" doazela azaldu du Asensiok. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2018ko apirilaren 26a
14:46
Entzun

Aukeratu dute Zubietako errauste plantaren bigarren zatia egiteko ardura izango duen ABEE aldi baterako enpresa elkartea. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko kontratazio mahaiak goizean egin du bilera, eta FCC enpresa buru duen enpresa batura proposatu du. GHKren asanbladak oniritzia eman beharko dio datozen asteetan. FCCrekin batera, Urbycolan, Garrai, Biergrim, Ecofert eta VTR enpresek osatzen dute ABEEa.

Bost hautagai aurkeztu dira proiektua egiteko. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako aldundiko Ingurumen diputatuaren arabera, aukeratutako ABEEak egin du "eskaintza tekniko eta ekonomiko onena". 32,2 milioi euroko inbertsioa egingo du enpresa taldeak; ordainetan, 5,3 milioi jasoko ditu urtean. Kontratuak 20 urteko iraupena izango du. Hautatutako enpresa taldeak errauste plantaren bigarren fasea eraiki eta kudeatu beharko du; biometanizazio planta eta zepak birziklatzeko plantak osatzen dute fase hori.

Lanak maiatzaren 18an hasiko direla aurreikusi du Asensiok, eta zehaztu du azpiegiturak 2019ko maiatzerako martxan egongo direla: "Duela hiru urte ez geneukan hondakinak tratatzeko azpiegiturarik. Datorren urtean lau izango ditugu, zabortegien beharrik gabe". Halaber, gaineratu du errauste planta osoa amaitzean "kaos egoeratik ziurtasun egoerara" igaroko dela Gipuzkoa.

Lehen fasea, "martxa onean"

Errauste plantaren lehen zatiko lanak "martxa onean" doazela adierazi du Asensiok. Haren arabera, lanen %40 dago eginda, eta betetzen ari dira aurreikusitako epeak. Azpiegitura guztiak abiaraztean "hondakinen arazoa amaituta" egongo dela adierazi du diputatuak, eta zehaztu du tarifak bere horretan uzteko modua egongo dela. Halaber, errauste planta amaitzean Europako Batasunak 2020rako jarritako helburuak gaindituko direla nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.