Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak adierazi du ez duela gustuko "bat-bateko federalismoaren planteamendua", proposamen hori ez bada "asimetrikoa". Espainiako erkidego guztiak "maila berean" jarriko balitu eredu federal batek, horrek "eskubide historikoak eta egitate nazionalak" alboratzea eragingo lukeela ohartarazi du Urkulluk.
Kontzertu ekonomikoa defendatu du Urkulluk. Esan du 1978an EAJ izan zela eredu horren aldeko apustua egin zuen bakarra, eta gogora ekarri du 1878az geroztik existitzen dela. Halaber, "errespetagarria" iruditzen zaio Kataluniak kontzertu ekonomiko bat nahi izatea, baina oroitarazi du eskubide historiko batzuetatik eratorritakoa dela.
EAJko lehendakarigaia kezkatuta azaldu da, uste baitu kontzertu ekonomikoa "auzitan" jarri dutela "pribilejiotzat jotzen dutenen interpretazioengatik". Estatus politikoaren balizko aldaketa batez galdetuta, Urkulluk esan du lehentasuna krisi ekonomikoari aurre egitea dela, baina gaineratu du akordio bat bilatuko duela alderdi guztiekin, Espainiarekiko harreman berri bat adosteko.