POLITIKA

Felipe Gonzalezek ETAko kideak hiltzeko izan zuen aukeraz esandakoek GALen gaineko hautsak harrotu ditu

1989an edo 1990ean bere mahai gainean ETAko buruzagitza bonbaz hiltzeko aukera izan zuela onartu du, baina ezetz esan zuela; Jose Barrionuevok Segundo Mareyren bahiketan zerikusirik ez zuela izan dio, baina bere dei bati esker askatu zutela.

2010eko azaroaren 8a
13:52
Entzun
Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiak bere agintaldian ETAko kideak bonbaz hiltzeko planak mahai gainean izan zuela onartu du atzo El País egunkariak argitartu zuen elkarrizketan. Eta horrekin batera GALen atentatuen gaineko erabakien gaineko hautsak harrotu ditu.

"Ez ziren terrorismoaren aurkako operazio arruntak: gure jendeak ETAko buruzagitza biltzekoa zen lekua eta eguna detektatu zuen, Frantzia hegoaldean. (...) Baina atxilotzeko genuen aukera hutsa zen, ez baitzeuden gure lurraldean. Biltzekoak ziren etxean denak batera lehertzea zen genuen aukera bakarra. (...) Erabakia bai edo ez zen. Ezetz esan nuen. Eta gehiago esango dut: oraindik ere ez dakit ondo egin nuen edo ez".

GALen ekintza zehatzetaz ere hitz egiten du Gonzalezek elkarrizketan, hain zuzen, Segundo Mareyren bahiketaz. Jose Barrionuevo bahiketa horregatik epaitua eta zigortua izan zen arren, zerikusirik ez zuela izan dio Gonzalezek, baina ondoren bere dei bati esker utzi zutela aske gaineratzen du. Gainera, Mareyk Bidarteko kooperatiban zuen eginkizunaren gainean zalantzak dituela ematen du aditzera.

'X Jauna'

Lehen erreakzioak atzo bertan izan ziren. Andoni Ortuzar EAJko Bizkaiko buruak esan zuen norbait hiltzeaz zalantzak izateak bere presidente demokratiko baten alde ezer gutxi esaten duela. PP alderdia, berriz, harago doa; Esteban Gonzalez Pons komunikazio idazkariordeak X jauna izateaz akusatu zuen Gonzalez, eta adierazpen horiekin GALen atentatuak Gobernuaren presidentearen mahai gainera iristen zirela nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.