Carmen Diez Mintegi. Antropologoa

«Feminismoa ez da ohartu izan kirolaren pisu sinbolikoaz»

Kirolaren eta feminismoaren arteko harremana izan dute aztergai berriki EHUren udako ikastaroetan. Kirol taldeen barruko maskulinitatearen eraikuntzaz aritu zen Carmen Diez Mintegi.

Samara Velte.
Donostia
2017ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Kirol antolatuak, taldeetan eta federazioetan egiten denak, badu bere ideologia: «Ustez naturala den horretan oinarritzen da, eta soziala denetik bereizten du; horrela legitimatzen du sexuen arteko bereizketa». Ikuspegi antropologiko batetik, egitura horiek deskribatzen eta kritikatzen ditu Carmen Diez Mintegi (Donostia, 1948) EHUko irakasleak: bereziki, nola eraikitzen den maskulinitatea kirol taldeetan. EHUk antolatutako udako ikastaroetan aritu berri da gaiaz, Donostian.

Kirola, fenomeno sozial gisa, gizarte eta garai bakoitzaren adierazgarri dela diozu. Nolakoa da gaur egun Euskal Herrian?

Kirol sistema modernoa XIX. mendearen amaieran sortu zen, testuinguru historiko jakin batean. Aldaketa handiko garaiak ziren: alde batetik, kapitalismoa ezarri zen sistema ekonomiko gisa; industrializazioa, lan eredu gisa; eta, haiekin, familia plangintza eta lan banaketaren ideal burgesa: gizonak ekarriko zuen soldata, eta emakumeak zainduko zuen etxea. Testuinguru horretan, mutilen hezkuntza emakumeen esku geratu zen ia osorik. Bigunak eta femeninoak bihurtuko ziren beldurra ere bazegoen, eta hari lotuta sortu ziren indarkeria handiko kirolak, maskulinitate oso birila bultzatuko zutenak: adibidez, boxeoa eta futbol amerikarra, hala nola boy scouts bezalako instituzioak. Helburua mutilei «egiazko maskulinitatea» irakastea zen, eta emakumeak horietatik at geratu ziren.

Gaur egun, kirola oso mundu androzentrikoa da oraindik. Emakumeak hasi gara espazio publikoan agertzen, sortu dira talde berriak; Reala futbolean eta Bera Bera eskubaloian, adibidez. Baina desberdintasuna iraunarazten duen espazio bat da oraindik.

Espazio elitistagoa ere bada?

Bereizi behar dira kirola, ekintza ludiko gisa, eta lehia. Niri, analisirako, espazio ofizala interesatzen zait, eta, haren barruan, maskulinitatearen eraikuntza. Hori oso nabarmena da Euskal Herrian. Teresa del Vallek duela urte asko aipatu zuen indarraren erritualizazioa: indar maskulinoaren etengabeko erakustaldia da kirola. Indar femeninoa ez da berdin ikusten: gehiago da eusten jakitea. Kirol munduan dauden emakumeen inguruko estereotipoak oso kezkagarriak dira; askori beldurra ematen die, ez ote duten pentsatuko lesbianak direla. Horretan ez gara aldatu: 1980ko eta 90eko urteetan gazte eredu androginoagoak geneuzkan.

Kirolean dauden emakume askok konplexuak sentitu ohi dituzte, aski femenino ez agertzeko beldurra. Hori izan ohi da neskek kirola uzteko arrazoia?

Arrazoi bat bai. Ingurunea oso garrantzitsua da: kirolean jarraitzen duten neskek babes handia izan ohi dute inguruan. Baina badira beste arrazoi batzuk ere: adin batera heltzen direnean eta lehiatu behar direnean, entrenamenduetako exijentziak oso handiak dira. Dena utzi behar al dute? Gainera, emakumeek, jakinda hori ez dela euren bizi proiektua izango? Ikusten ditugu Athleticeko jokalariak: lanera joaten dira, eta gero entrenatzera.

Zenbait tribu eta gizarte tradizionaletako «gizonen etxeekin» alderatzen dituzu futbol taldeak: mutilak 8-9 urterekin etxeko mundutik ateratzen dituzte, eta gizonek hezten dituzten eremu fisiko eta sinboliko batera sartzen dira.

Kirola gizonen etxe bat da. Taldeak jarrerak ikasteko espazioak dira, prestigiozkoak, protagonista izatekoak... Hor ikasten dute nola okupatu espazio publikoa.

Neskekin ez da berdin?

Sarritan, gertatzen da nesken talde bat sortzen dela eta handik gutxira desagertzen dela; ez da kontsolidatzen. Praktikan, mutil batek erreferentzia bat dauka: gizonen taldea, betikoa. Neskek, gehienetan, ez. Orain bada gehiago, arraunean, eta Bera Bera eskubaloian. Baina eredu erreferentzialen gabezia etengabekoa izan da duela gutxira arte.

Zein harreman izan du feminismoak kirolarekin?

Hainbeste aldarrikapen zeuden egiteko! Boto eskubidea, lan egitekoa, hezkuntzakoa, abortatzekoa, dibortziatzekoa... Ondorioz, alderdi batzuei garrantzi txikiagoa eman diegu: kirolari eta jaiei. Aisialditzat jotzen genituen, eta ez ginen ohartzen euren botere sinbolikoaz. Ni etxean ohartu nintzen, semeak futbolean ikusi nituenean eta pentsatu nuenean: «Baina zer da hau?». Festetan, alardeen gatazkarekin ohartu ginen nola kanporatzen gintuzten emakumeok botere espazio sinbolikoetatik. Eta kirola ere oso espazio garrantzitsua da.

Gizartean, gero eta gehiago kuestionatzen da generoa. Nolanahi ere, kirolak banaketa anatomiko zorrotza du oinarrian, testosterona kopuru handia duten emakumeak goi mailako lehiaketetatik kanporatzeraino. Hori gainditzeko bidean al goaz?

Ezinbestekoa da sexua kuestionatzen hastea, anatomia baino askoz gehiago dela ohartzea; finean, anatomia bera ere ez da horren zehatza. Diotenez, Tokion [Joko Olinpikoetan] talde mistoak sortzen hasiko dira, eta hori irekitze bat izan daiteke. Izan ere, hor dago beste gai bat: homofobia. Gizonezko futbolari profesionalek ezin dute esan homosexualak direla. Eta ez didazu esango ez dagoenik futbolari homosexualik. Maskulinitate eredu hegemoniko hori hautsi daiteke beste sexualitate eta transgeneroak aitortuta. Eta bidea hortik doa: talde mistoak sortzetik.

Batzuek esango dute beharrezkoa dela diskriminazio positiboa, emakume gutxi lehiatu daitezkeelako maila fisikoan gizonekin.

Hori mutil txikiagoei ere gertatzen zaie. Bada, antola gaitezen beste era batera: zergatik antolatzen gara sexuaren arabera? Egin dezagun altueraren edo pisuaren arabera; beste kirol batzuetan egiten da jada. Pertsona batzuek uste dute gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna naturala dela, baina gizonen artean ere desberdintasun asko eta asko daude. Futbola gustatzen ez zaien mutilek sufritu egiten dute, sistematik bereizten dituztelako. Biologia tradizionalean sinesten baduzu, ez bazara kritikoa, «hau horrela da» pentsatuko duzu. Baina ikusi nahi duguna ikusten dugu: berdinak direla uste badugu, berdin ikusiko ditugu. Nik bi seme dauzkat, eta erabat desberdinak dira. Baina generoaren diktadurak asko baldintzatzen dizkigu gauzei begiratzeko erabiltzen ditugun betaurrekoak. Arrazakeria bezala da: oinarri naturalizatzaile hori zaila da erauzten.

Sarritan, eliteko espazio maskulinizatuetara heltzen diren emakumeak moldatu egiten dira haietara. Nola batera daiteke espazio horietan egon nahi izatea eta haiek kritikatzea?

Normalizazioa ona da. Baina instituzio androzentrikoak aldatuko dira egitura horiek kritikatuko dituzten emakumeak sartzen direnean; horretarako, feministak izan behar dute, egitura kuestionatzeko tresna teorikoak behar dituzte. Bestela, hortxe isilik geratzen bazara, mutilekin zaudelako pozik, ez duzu gauza handirik aldatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.