genero indarkeria

Feministek Paul Abasoloren indultua salatu dute

Durangoko plataformak Udalari Espainiako Gobernuaren aurka egiteko eskatu dio.

2012ko urtarrilaren 25a
12:10
Entzun

Durangoko Plataforma Feministak Espainiako Gobernuak Paul Abasolo Amantegiri emandako indultu partziala salatu du, eta Durangoko Udalari erabakiaren aurka egiteko eskatu dio. "Indultu hau eskandalagarria da, eta erakundeak ezin dira axolagabe izan. Gizarte osoari dagokion gai bat da".

Aurreko legealdiko azken Ministro Kontseiluaren bileran hartu zuen erabakia gobernuak, PSOE zela agintari. Aipatutako plataformak PSOEri hitza bete ez izana egotzi dio, "emakumeen eskubideak eta duintasuna defenditzen dituela esaten baitu".

Hiru urte eta hiru hilabeteko espetxea zeukan betetzeko Abasolok, baina kartzelara joateko zegoen oraindik. Gobernuaren erabakiak zuzeneko ondorioa izan du: bi urtean utzi diote zigorra eta, aurrekaririk nola ez daukan, ez du espetxera joan beharrik izango. Ez dute jakinarazi zergatik eman dioten indultua.

Gernika-Lumon eraso zien emakumeei Abasolok, kalean, 2006an eta 2007an. Bost andrek jarritako salaketen harira atzeman zuen Ertzaintzak. Kartzelan sartu zuten behin-behinean; bost hilabete egin zituen preso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.