atxiloketa

Fermin Vila urriaren 1ean eramango dute berriro Belfasteko epailearen aurrera

Ekainaren 24an atxilotu zuten Irlanda iparraldean, ETArekin lotura duelakoan. Ekainaren 28an auzitegira eraman zuten, eta Justiziaren zaintzapean daukate. Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurkako euroagindu eskaera egina du.

2010eko uztailaren 5a
13:42
Entzun
Fermin Vila Mitxelenak (Irun, 40 urte) urriaren 1ean aurkeztu beharko dugu berriro Belfasten Thomas Burgess epailearen aurrera, Espainiaratze eskaera dela-eta. Ekainaren 24an atzeman zuten Irlanda iparraldeko hiriburuan, ETArekin lotura duelakoan. Belfasteko iturri batzuek esan zuten lantokitik irteten ari zela atzeman zutela -jatetxe batean egiten du behar-. Ekainaren 28an eraman zuten lehen aldiz auzitegira, eta Burgess epaileak erabaki zuen Justiziaren zaintzapean izatea hura, Espainiaratzeko eskaera aztertu arte.

Defentsa abokatuak Vila bermepean aske uzteko eskatu zuen gaur zortzi, baina epaileak ez zuen aintzat hartu, "Vilak ihes egiteko arriskua dagoelako eta Espainiak egozten dizkion delituak larriak direlako".

Espainiako Auzitegi Nazionalak du egina euroagindu eskaera. Haren arabera, KAS eta Ekin legez kanpoko erakundeetako kidea izan zen Vila, eta gero ETAren talde logistikoan parte hartu zuen.

Espainiako polizia iturriek diotenez, 2001ean egin zuen ihes Euskal Herritik, Poliziak ETAren Sugoi komandoa desegin zuenean. Iturri haien arabera, berehala Madril komandoan sartu zen eta 2001eko maiatzean BBVAren aurkako bonba-auto bat jarri zuen, beste kide batzuekin, eta urte bereko uztailean Luis Ortiz de la Rosa poliziaren hilketan ere hartu zuen parte.

2003ko urtarrilean Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak auzipetu egin zuen, etakidea delakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.