politika

Fernandez de la Vegak dio Ibarretxe eta Zapateroren ustez bakerako itxaropenaz aritu zirela

Espainiako Gobernuko bozeramaile Maria Fernandez de la Vegak esan duenez, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari Juan Jose Ibarretxe eta Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapatero ados azaldu ziren atzo Euskal Herrian "bakea lortzeko esperantza" dagoela esaterakoan. Ibarretxek, berriz, zera esan du bilerari erreferentzia eginez: "Egiten duguna baino gehiago egin behar dugu, eta gutxiago hitz egin", izan ere, berak dionez, "ardura handia dago bakea lortzeko".

2005eko maiatzaren 6a
16:04
Entzun
Zapaterok eta Ibarretxek atzo egindako bilera zer esana ematen ari da oraindik ere. Izan ere, ezer gutxi jakin da bilera horretan hitz egin zutenaz.

Hain zuzen ere, Ibarretxek ezer gutxi esan du gaur atzoko bileraren inguruan, eta esan duenaren arabera halaxe jarraitzeko asmoa du, gainera. "Bakearen eta normalizazio politikoaren bidean urratsak emateko aukera" dagoela uste dute bai Ibarretxek eta baita Zapaterok ere, jarduneko lehendakariak esan duenez. Bakea lortzeko ardura handia dagoela eta, arduraz jokatzeko eskatu die Ibarretxek komunikabideei.

Espainiako Gobernuko bozeramaileak ere hitz egin du, eta hark esan du, bakea lortzeko itxaropena dagoela, baina bi buruzagiek ez zutela "ETArekin negoziatzeaz" hitz egin. Aro berria abiatu dela uste dute bi buruzagiek, eta "Aldebakarreko inposizioek ez dutela lekurik". Orain, Euskal Herrian "errezeta zaharrak" erabiltzeak ez duela ezertarako balio ere uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.