Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak memoria historikoaz atzo esandakoek haserrea eragin dute Iruñean. Joseba Asiron alkateak azaldu du persona non grata izendatzea aztertuko duela, eta horretarako gobernua akordio babesten duten alderdiekin hitz egingo duela: EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra.
Fernandez Diazek asteazkenean Guardia Zibilaren desfile militar batean parte hartu zuen hiriburuan. Ministroak "Guadia Zibilaren izaera nafarra" defendatu zuen, eta gaineratu zuen nafarrei interesatzen zaiena etorkizunari begiratzea dela, "ez banatzen gaituen horri", memoria historikoaren arloan Nafarroan egin den lanari erreferentzia eginez. "Batzuek Gerra Zibila 40 urte geroago irabazi nahi dute".
Adierazpenak oso larriak direla adierazi du Asironek, eta alkate bezala zerbait egitea aztertzen ari dela, baita persona non grata izendatzea ere. "Adierazpen horiek esan dituenaz asko esaten dute; zehatz-mehatz, ez dute ezer onik esaten pertsona horren inguruan".
"XXI. mendean Iruñera etorri eta Gerra Zibilaz hitz egitean irabazleez eta galtzaileez hitz egiteak ez du izenik", esan du Asironek. Gaineratu du XXI. mendeko Nafarroako gizarteak altxamendu faxistarik ez egotea nahiko zukeela, eta erabat errefusatzen duela altxamendu hori. "Sobera ere, batzuk lotural moral bat dute horrekin", iradoki du ministroaz. Azpimarratu du Nafarroan min handia eragin zuela altxamenduaz geroztik izan zen errepresioak.
Azaldu du ez dutela inor kanpotik etortzea behar elkarbizitza nola antolatu behar den esateko, ez Iruñean ezta Nafarroan ere. Horregatik Madrilera itzultzeko eta "benetako arazoez" arduratzeko eskatu dio, "handiak baitira", PPren arazoengandik hasita "goitik behera ustelkerian nahastuta baitago".