Frantziako Legebiltzarrak euskal presoak etxetik ahalik eta gertuen egotearen alde egin izanak ez dio erasanik egin Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroari. "Frantziak bere legedia du eta guk gurea. Bi legediek badituzte puntu berdinak, baina bata desberdinak ere", esan du gaur Kopenhagen, Europako Batasuneko herrialdeetako Barne ministroen bileraren ostean.
Frantziako eta Espainiako gobernuen arteko lankidetza "erabatekoa" dela adierazi du Fernandez Diazek. "Sarkozyk esan zuen ETAren aurka Piriniorik ez dela, eta ez dut ezer gehiago esateko".
Barne ministroak astelehenean zioen ETAk desagertu egin behar duela "araudian dauden espetxe onurak" egoteko. Haren arabera, erakunde armatuak berak eragozten die neurri horiek eskatzea presoei. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuarekin bildu zen astelehenean, eta Aresek "egoera berri hau kontuan hartuta espetxe politika dinamikoagoa eta malguagoa" beharko litzatekeela azaldu zion.
Bihar Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentea eta Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria bilduko dira, Moncloan. ETAk borroka armatua utzi ondorengo egoera izango dute hizpide, erakunde armatuaren behin betiko desagerpena eta "Euskadiko bizikidetza demokratikoa" eraikitzeko lankidetzan aritzeko asmoz, Lehendakaritzak esan duenez. Lopezek espetxe politika aldatzeko eskaera egingo dio, eta irailean Eusko Legebiltzarrean bakegintzarako aurkeztutako oinarriak azalduko dizkio.