Presoak

Fernandez Diaz: "Presoak ETArenak dira, eta kito"

Espainiako Barne ministroa Donostian izan da, Poliziaren etxe berria inauguratzen. Bilbon Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Saileko kontseilariarekin bilduko da, arratsaldean, Guardia Zibilaren Bilboko kuartelera bisita egin ostean.

Fernandez Diaz, gaur, hainbat polizietako buruak agurtzen, tartean, Guardia Zibilarenak, Ertzaintzarenak eta Frantziako Poliziarenak. JUAN HERRERO, EFE
Maialen Unanue
2014ko martxoaren 17a
07:46
Entzun

Euskal preso politikoek iragarritako eskaerak "iruzurra" izan daitezkeen itxura dute, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren arabera.  Horrez gain, adierazi du, eskaerek "zintzoak" izan behar dutela, bestela ez direla onartuak izango. Fernandez Diazek erreferentzia egin die larunbatean iheslari ohien kolektiboak egindako agerraldiari, EPPK-k Durangon egindakoari eta 2011ko urriaz geroztik ETAk argitaratutako komunikatu guztiei: "Ez gaude antzezpenetarako, are gutxiago ETA aktore politiko bihurtzeko, hedabideen protagonismoa bereganatu eta agenda politikoa markatzeko".

Donostian egin ditu adierazpen horiek Fernandez Diazek, Espainiako Poliziaren etxe berriaren inaugurazioan. Presoen aferak ez du gehiegi kezkatzen Fernandez Diaz, eta gobernuaren jarrera berretsi du: "Espainiako Gobernuak ez du negoziatzen, ez du negoziatu eta ez du negoziatuko ETA erakunde terroristarekin: presoak bereak dira, eta kito". Fernandez Diazen arabera, Mariano Rajoyren gobernuak ez du ETArekin negoziatzeko beharrik hura "garaitzeko".

Ministroak "terrore, laztura eta odolez betetako" Espainiako historiaren liburuko orria "behin betiko" pasa nahi du, etorkizuna "bakean eta askatasunean" begiztatu ahal izateko. Horrez gain, Rajoyren gobernuak ETAren "porrota garaipen politiko ez bihurtzeko" asmo "irmoa" du. Beste batzuen artean, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina eta Guardia Zibilaren, Ertzaintzaren eta Frantziako Poliziaren ordezkariak izan dira inaugurazio ekitaldian.

Arratsaldean, Bilbon

Fernandez Diazek Euskal Herrian emango du eguna. Eguerdian Bilbon izango da. La Salven Guardia Zibilak duen kuartelera joango da, eta arratsaldean Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaularitzako Segurtasun Saileko kontseilariarekin elkartuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.