polizia operazioa

Fernandez Diaz: "Zuzenbide estatuak lanean jarraituko du ETA desegiten ez den bitartean"

Inaxio Otaño eta Iñaki Igerategi atxilotu ditu Guardia Zibilak Andoainen eta Tolosan, ETArekin lotuta, eta miaketekin amaitu ostean, Madrilera eraman dituzte. Tentsio uneak bizi izan dira hainbat lagunek Guardia Zibilaren furgoneta jo eta horrek sakabanatu dituenean.

2012ko otsailaren 21a
15:59
Entzun

Guardia Zibilak bi lagun atxilotu ditu gaur goizaldean Andoainen eta Tolosan (Gipuzkoa), ETArekin lotuta. Atxilotuak Inaxio Otaño Ttintto Berria Taldeko langilea (Bidera banaketa enpresakoa) eta Iñaki Igerategi dira. Goizaldeko 02:00etan atxilotu dituzte, eta euren etxeak eta garaje bat miatu ostean, Madrilera eraman dituzte.

BERRIA.INFOk jakin ahal izan duenez, bien etxeak miatu dituzte. Igerategi goizeko 08:30ak pasatuta atera dute etxetik eta Aingurasategi kaleko garaje batera eraman dute. Tolosan atxilotu badute ere, Andoainen bizi da.Tolosako suhiltzaile-parkean atxilotu dute han egiten duelako lan.

Igerategiren etxetik hainbat kaxa atera dituela azaldu dute lekukoek. Hainbat lagun bildu dira atxilotuen etxearen kanpoaldean babesa adierazteko, eta Guardia Zibila joan denean furgoneta bat jo dute, eta Guardia Zibilak sakabanatu egin ditu.

Oraindik informazio gutxi dago baina El Mundo Espainiako egunkariak Polizia iturriak aipatuz zabaldu duenez, Otaño eta Igerategi orain urte batzuk Miguel Lopez Peña ETAko kidearekin harremanetan izan ziren, 2008. urtera arte.

Jada orduan horren berri bazuela Guardia Zibilak gaineratu du egunkari horrek hasiera batean. Ondoren, ordea, albiste agentziek esan dute Laurence Le Vert Frantziako epaileak aurreko astean igorri zuen informazio baten harira hasi zela Guardia Zibila atxilotuen peskizan.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak adierazi du ETA desegiten ez den bitartean, zuzenbide estatuak lanean jarraituko duela.

Espainiako Gobernuak ETAren ez duela hitz egingo azpimarratu du Fernandez Diazek, eta ez duela harekin negoziatuko. Haren irtenbide posible bakarra desegitea dela gaineratu du.

Fernandez Diazen arabera, desegitea "onuragarria" izango da presoentzat, horrela "banakako espetxeko onurez" baliatuko direlako.

Jaurlaritzak dio ETAren ekintza guztiak delitu direla

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogorarazi du ETAk "legez kanpoko erakunde bat" izaten jarraitzen duela, eta beraz, "egiten dituen ekintza guztiak delitu gisa hartzen direla".

"Estatuaren segurtasun indarrek euren jardunean jarraitzen dute, eta horregatik atxilotu dituzte ustezko ETAko kideak, epaituak izan daitezen", gaineratu du.

Ezker abertzalea eta Gipuzkoako Foru Aldundia, kezkatuta

Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak kezka agertu du atxilotutakoek Guardia Zibilaren eskutik jaso dezaketen tratuaren inguruan. Haren arabera, atxiloketak Espainiako Gobernuaren erantzuna dira, euskal gizarteak gatazkaren konponbiderako duen nahiaren aurrean. "Hau da Raxoi, Fernandez Diaz eta Basagoitiren eskaintza bakarra da, konpromisoa eta erantzukizuna eskatzen duen gizarte baten aurrean", esan du.

Ugarteburuk nabarmendu du PP ideia eta proiektu askeen jokaleku batek sortzen dion beldurra disimulatzen saiatzen dela, eta ondorioz, "errepresiora eta eskubideen urraketara" jotzen duela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi du atxiloketak "garai honetatik kanpo" daudela, eta "gatazka konpondu beharrean, hura luzatu baino ez dutela egiten".  Horrekin batera, kezka agertu du atxilotuek jasan dezaketen tratuarengatik, eta atxilotuen "eskubide guztiak" bermatzea eskatu du.  
 
Gatazkaren konponbidearen aldeko konpromiso osoa berretsi du aldundiak,  eta eragile guztiei bide horretan eman beharreko urratsak emateko deia egin die. "Atzerapausorik ez, aurrerapausoak eskatzen ari da-eta euskal jendartea".  
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.