04/08 auzian aldeek lotutako akordioa "berri ona" dela uste du Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzarako idazkariak. Ezker abertzalea ematen ari den "urrats berriekin" lotu du akordioa, eta Jaurlaritzak urrats horiek neurtu nahi dituela azaldu du.
Rufi Etxeberria Sortuko zuzendaritzako kideak presoen egoera konpontzeko egindako proposamenaz ari da Fernandez. Nabarmendu du Etxeberriarenak hitzak besterik ez direla oraingoz, eta ikusi egin nahi dutela zein segida duten.
Nolanahi ere, ezker abertzaleko kideek eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak lortutako akordioa "baikorra" dela esan du Fernandezek: "Ezinegona sortzen du. Izan ere, atzera begiratzen badugu, azken 30 urteetan izan diren kritika, leporatzeak, bizitzak, egindako minak eta sufrimenduak etortzen zaizkigu gogora... Atzo arte mantendutako interpretazio historikoa aldatu egin da".