Maritxu Paulus-Basurko abokatuaren bidez, Fernandez Iradik espetxe zigorra eteteko eskaria egin du, espetxean egotea ez delako bateragarri eritasunaren tratamenduarekin. Esklerosi anizkoitza du, eta etengabeko osasun arazo larriak eragiten dizkio. Joan den martxoan, osasun azterketa egiteko eta zigorra eteteko eskatu zion abokatuak epaileari, eta horrek otsailean igorri ditu bi sendagile Fernandez Iradiren osasun egoera aztertzera.
Prozedurari jarraikiz, zigorrak betearazten dituen epaileak ebatzi beharko du, jaso du-eta sendagileen txostena. Baliteke ebazpena apirilean jakinaraztea. Zigorra eteteak ez luke ekarriko libre gelditzea, baizik eta baldintzapean karrikan uztea. Kasu horretan sei hilabetean behin berretsi beharko litzateke zigorraren etena, eta presoak eskumuturreko elektronikoa eraman beharko luke, hainbat baldintzaren artean.
Osasun arloko 75 eragilek bat egin dute zigorra eteteko eskariarekin, agiri bat izenpetuz. Preseski, gizarte osoari dei egin diote, gisa bereko eskaria izenpetzera deituz.
Emilie Martin Ipar Euskal Herriko Herrira-ko kideak aldeko urratsak egiteko eskatu dio Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroari. Manifestazioa eginen dute otsailaren 15ean, Baionan, 15:30ean, Euskaldunen plazatik abiaturik. Konponbidearen aldeko urratsak egiteko eskatuko diote Frantziari.