Fernando Buesaren hilarria pintura gorriz margortu dute bart. Buesaren izen-abizenak ez ezik, «Bake gizona izan zen. Guztion askatasuna defendatu zuen hitzarekin» dioen epitafioa ere margotu dute. Baina Gasteizko Udalak arratsalde hasierarako garbitua zuen panteoia. Buesa PSE-EEko kidea izan zen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu eta lehendakariorde; ETAk 2000. urtean hil zuen, Gasteizen, auto bat leherrarazita. Eraso berean hil zuten Jorge Diez Elorza, Buesaren bizkartzaina.
Erasoa Fernando Buesa Blanco fundazioak salatu du gaur goizean, sare sozialetan, eta gizartean «gorrotoaren diskurtsoak» hor jarraitzen duela eta «salatu eta baztertu» egin behar direla esan du.
Asko izan dira sare sozialetan erasoaren aurka agertu direnak. Sara Buesak, alabak, hauxe idatzi ditu: «Gorrotoari maitasunarekin egiten zaio aurre, eta gaitzari ongiarekin. Isiltasuna eta geldialdia biktimizatzen dira. Askatasuna babestea eta gorrotoari aurre egitea guztion zeregina da». Iñigo Urkullu lehendakariak elkartasuna adierazi die senideei, eta, panteoiari egin zaion erasoak sorrarazi dion «harridura» adierazteaz gain, horrelako ekintza batek «errefusa merezi» duela esan du.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak ere erasoa gaitzetsi du, eta gaineratu «hamarkadetako terrorismoak eragindako zauriak eta mina» ez direla «orbainduko gorroto ekintzek irauten duten bitartean».
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere bere elkartasuna adierazi die senide eta ingurukoei, eta azaldu du Gasteizen ez dutela nahi indarkeriarik. EH Bilduk «errefusa» adierazi du «Buesa familiaren panteoiari eginiko erasoagatik», eta Ahal Dugu-k Sara Buesaren hitzekin bat datorrela esan du. PSOEk adierazi du Buesaren «oroimena profanatzeko arima oso beltza» eta «gorroto handia» eduki behar dela. Carlos Iturgaiz PP eta Ciudadanosen koalizioko hautagaiak ere «maitasun eta elkartasun osoa» adierazi dio Buesaren familiari.