#SFK15

Festa luzatzeko, 30 urteko tradizioa

Billabesaren entzierroak jendetza bildu du Iruñean, beste urtebetez. Hogeita hamar urte bete ditu lasterketak. Bideoa: 1988ko Billabesaren entzierroa. [YouTube]https://youtu.be/20VqOxom_sk[/YouTube]

Jone Amonarriz
2015eko uztailaren 15a
16:50
Entzun

“Engainatu gaituzte, ez dira amaitu”, abesten zuten. Festa luzatzeko aitzakia paregabea zen. Zezenketak amaituta eta Gaixoa ni abestuta bukatzen dira urtero programa ofizialean sanferminak. Bada, ordea, programan ageri ez den arren, tradizio bilakatu den bestelako entzierro bat: billabesarena.

San Domingo aldapan gora zihoan autobusak ohiko zezenak ordezkatzen zituen lasterraldia egitea otu zitzaion iruindar gazte talde bati, duela 30 urte. Entzierroetako arauekin txantxak egiteko eta ordenari adarra jotzeko baliatzen zuten. Eta, aldi berean, ordenak ahal zuen guztia egiten zuen billabesaren entzierroa ekiditeko eta oztopatzeko. Gaur egun, horiz jantzitako txirrindulari batek hartu du autobusaren lekua, eta Miguel Indurainen Ezpata bizikletaren erreplika batekin egiten du ibilbidea.

Istorio luzea du herritik sortutako tradizio honek, eta gorabehera handiak izan ditu urtetik urtera. Data batzuk bereziki esanguratsuak izan dira.

1988. Billabesaren entzierroa egunkarietan agertzen hasi zen, lehen aldiz. Egunkari lokaletan erreportaje zabalak argitaratu zituzten. Tradizio hau ospatzen hiru urte inguru zeramatzatela azaldu zuten San Jorgeko bizilagunek, eta lasterketa jaien programan sartu nahi zutela. Oso antolatuta zegoen jarduera ordurako; hain ondo, suziria eta guzti botatzen zuten autobusa iristen ikusi bezain laster. Prensak entzierro alternatiboari jarritako arretak eragin izugarria izan zuen, eta, urte gutxiren buruan, milatik gora lagun elkartzen hasi ziren. Jende oldeak sortu ziren urte honetan, eta hainbat kolpe jaso zituen autobusak. Zauritu bat ere egon zen.

1990. Tradizioaren arrakasta eta bertaratzen zen jendetza nahikoa arrazoi izan ziren billabesa hitzordu honetatik desagertzeko. Goizeko seietako linea kendu egin zuten egun honetarako. Erabakiak ez zuen atsekabe handirik sortu parte hartzaileen artean. Furgoneta batez baliatu ziren, eta autobusarekin ez bezala, ibilbidea zezen plazaraino luzatu zuten.

2012. Poliziak billabesaren entzierroa galarazi zuen, jarduera ez-ofizial batekin trafikoa ixten eta garbiketa lanak eragozten ari zirela argudiatuz. Sortutako istiluetan hiru lagun atxilotu zituzten.

2015. Azken urteetan arazorik gabe egin dute entzierro berezia. Jaiak amaituak izanagatik, zuri-gorriz jantzitako ehunka lagunek Iruñeko kaleak hartzen dituzte azken entzierroan lasterka egiteko. Autoak, furgonetak, Indurainez mozorrotutako lagun batek gidatutako bizikleta, kartoizko zezenak, ibilbidetik igarotzen den billabesaren edozein autobus... denak balio du. Garrantzitsuena goizeko zortzietan bertan egotea da, festak amaitu ez direla erakusteko. Aurten ere, hala egin dute, inongo trabarik gabe, tradizio berriari jarraipena emanez.

[YouTube]https://youtu.be/U_IYRRm6WPI[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.