Gizartea

"Festa pribatuak", bertakoentzat

Donostiako diskoteka batean ez diete sartzen utzi migratzaileei. Beste batean, bertakoei baino garestiago kobratu diete sarrera. SOS Arrazakeriak salatu du sarrera ukatzeko eskubidearen erabilera gehiegizkoa dela sarritan.

mikel p ansa
2014ko ekainaren 9a
08:00
Entzun

"Festa pribatu bat da". "Parte Zaharrera joan eta sarrerak eskuratu behar dituzue". Immigranteek maiz entzun behar izaten dituzten argudioak, aldamenetik beste herritar batzuk diskoteka barrura sartzen diren bitartean.

Salaketa ez da berria. Orain hiru urte, Bilboko hamar taberna eta diskotekatan egin zuen proba SOS Arrazakeriak; bederatzitan ez zieten sartzen utzi etorkinei. Iaz, Gasteizen, talde berak salatu zuen senegaldar batzuei ukatu zietela lokal batean sartzea. Arazoa: azalaren kolorea.

Joan den larunbat gauean SOS Arrazakeriako kideekin eta sei immigranterekin kalera irten zen BERRIA. Donostiako lau diskoteketatik itzulia egin zuten; hirutan arazorik gabe sartu ziren denak barrura. Batean ukatu zieten sarrera. "Betiko argudioekin".

Testing deitzen direnen gisako proba egin zuen SOS Arrazakeriak. Bikoteka banatuta, Saharaz hegoaldeko bi, bi magrebtar, bi latinoamerikar eta bi euskal herritar saiatu ziren lau tabernatan sartzen. Euskal herritarrak izan ziren taberna guztietara arazorik eta kexarik gabe sartu ziren bakarrak.

"Uste baino hobeto" atera zen proba, hala aitortu zuten antolatzaileek. Baina Bataplan diskotekan ez zieten barrura sartzen utzi migratzaileen hiru bikoteei; eta La Rotonda diskotekan garestiago kobratu zieten sarrera —hamabosna euro bertako bikoteari, hogeina euro kanpotarrei—. Sheraton eta Friends tabernetan arazorik gabe sartu ziren.

Larunbat gaueko probaren emaitzak ikusita, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak ohartarazi du: "Sarrera ukatzeko eskubidearen erabilera gehiegizkoa da batzuetan; arrazoi etniko edo arrazialengatik eginiko bazterketa dago ezkutatuta sarrera ukatzeko aitzakien atzean".

Immigranteei sarrera ukatzen dieten lokal horiei baimenak ematen dizkieten erakunde publikoei "protokoloak" martxan jartzeko eskatu die SOS Arrazakeriak, eta sarrera ukatzen dieten pertsonei tresnak emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.