Donostia jai bihurtu da astebetez Aste Nagusiarekin. Hasten denak bukatzea du zor, ordea, eta gaur emango zaie amaiera Gipuzkoako hiriburuko festei Kiko Venenoren kontzertuarekin. Festa gose denak Bilbon izango du aukera gaurtik aurrera. Arratsaldean eman zaio Bilboko Aste Nagusiari hasiera.
Kalejiran bildu dira konpartsetako kideak Arriaga parera. 19:00ak jotzear daudela egin du festarako deia Isidro Elezgarai pregoilariak, balkoi nagusitik. Milaka lagun izan ditu parean. Segidan, suziriari su eman dio Aratz Irazabal txupinerak. Suziriak eztanda egindakoan, Kepa Junkeraren Badator Marijaia kantuak dantzan jarri ditu Marijaia, bilbotarrak eta Aste Nagusiaz gozatzera etorriko diren parrandazaleak.
Isidro Eleizgarairen pregoia
Festari hasiera emateko desiratzen zeuden milaka lagunek Elezigarairen pregoia oihu eta txalo artean entzun dute. Gaztelaniaz aritu da nagusiki eta euskaraz esandakoak gaztelaniara itzultzen zituen. Ez alderantziz.
Pregoian "mundu berri bat" aldarrikatu du, ""lukurreriak jotako mundu hau aldatzeko". Festetan "tolerantzia, elkartasuna eta askatasuna" nagusitzeko desioa agertu du eta Begoñako Amatxuri eskatu dio osagai horiek denak festetan izatea. Eta amaitu du aldarrikatuz, "munduko jairik onenak" dituztela eta Bilboren aldeko oihuak bota ditu.
Abuztuaren 29an Marijaia sugarretan desagertu arte, Bilbo festaren hiriburu bihurtu da. Bederatzi egun hauetarako, 300 ekitalditik gora jasotzen dituen egitaraua prestatu du jai batzordeak. Herenak askotariko estilo eta formatuko kontzertuak izango dira.
Bilboko Aste Nagusia
Festak hartu du Bilbo
Aratz Irazabal txupinerak eman dio hasiera Bilboko Aste Nagusiari, Isidro Eleizgaraik pregoia irakurri ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu