Eguraldi kaskarrak eta eremuaren garaierak orain arteko ahaleginak zapuztu badituzte ere, Fernando Osa euskal mendizalearen hilotza Andeetatik jaitsi du Argentinako salbamendu talde batek, Txileko erakundeekin elkarlanean. Ojos del Salado sumendiaren inguruko parajeetatik Fiambala herrira jaitsi dute Osaren gorpua, eta, ondo bidean, heldu den astean espero dute hilotza Donostiara ailegatzea. Hala jakinarazi dute Osaren senideek. Argentinatik salbamendu talde bat abiatu zen atzo, oinez. Baita Txiletik ere, ezbeharra Argentina eta Txile arteko eremuan gertatu baitzen. Segurtasun neurriak indartzeaz aparte, Txileko salbamendu talde bateko kideak ere bidean jarri ziren atzo.
Salbamenduaren zain zegoela zendu zen herenegun. Bi egun zeramatzan ondoezik, bakarrik, larri eta jaki gabe. Eta ezin izan zion eutsi. Paco Vicario mendizalearekin zegoen, baina hark bere kabuz jaistea lortu, salbamendu taldearekin topo egin, eta onik da.
Hirugarren mendizale bat ere joana zen sumendira haiekin. Halere, Osa ondoezik sentitu zenean, salbamendu taldeari abisua ematera jaitsi zen. Helikopteroz ateratzen saiatu ziren lehenik, baina eguraldia zela-eta bertan behera utzi zuten. Ahalegin ugari egin zituzten onik ateratzeko. Bat ere ez zen ongi atera, ostera, eremu garaiegian baitzegoen, helikopteroa hara iristeko. Azkenean, ezin izan zen lurreratu, eta, jarraian, lurrez zihoan beste salbamendu talde bat jarri zen goranzko bidean, oinez, eri zen mendizalea artatzeko. Ordurako, alabaina, hila zen Osa.
Gizon bat oso larri, Acheriton
Ez zen lehen aldia halako mendi batera igotzen zela. «Aski eskarmentu» bazuela azaldu du haren anaia Jon Osak: «Aritua zen. Inoiz ez zuen istripu larririk izan. Egoki prestatuta joaten zen beti». 6.000 metroko maldetan «maiz» ibiltzen zela gogora ekarri du Osak, eta erantsi du oraindik ere ez dakitela zerk eragin zuen heriotza.
Sortzez donostiarra zen, baina Larrabetzu (Bizkaia) izan zuen bizitoki azkeneko urteotan. 53 urte zeuzkan, eta Club Vasco de Camping elkarteko bazkide zen. Atsekabea agertu du taldeak heriotzaren aurrean. Larrabetzuko alkate Maria Asun Gazteluk ere doluminak helarazi dizkio sendiari: «Istant latz hauetan familiak behar duen horretan laguntzeko prest gaude». Osaren senideek jasotako «sostengua» eskertu dute, eta hasiak dira tramiteak egiten hilotza Euskal Herrira ekartze aldera.
Bestetik, Nafarroako mendizale bat 200 metroko malda batetik erori zen atzo Acherito mendian, Anson (Huesca, Espainia), eta larriki zauritu zen. 31 urte dauzka.