Politika

Filipe Bidart: "Bake prozesua bultzatu egin behar da"

300 bat lagun bildu dira Magalas herrian ongietorrian eta ekitaldiak komunikabideen artean ikusmin handia piztu du. IK-ko preso ohia oso labur mintzatu da eta Frantziari eskatu dio Euskal Herriaren existentzia aitor dezala. Haren abokatuek Frantziako zenbait politikariren jarrera salatu dute egunotan Bidarten aurkako kanpaina egiteagatik.

2007ko otsailaren 17a
17:49
Entzun
Ikusmin handia piztu du gaur ere Filipe Bidart Iparretarrak-eko (IK) preso ohiak. Haren senide eta lagunak ongietorria egiten ari zatzaizkio Frantzia hegoaldean, Magalas herrian, eta eguerdian prentsaurrekoa eman du Bidartek. Makina bat kazetari eta argazkilari bildu da bertan.

Bidart, baina, labur mintzatu da. Minutu batez baino ez du hitz egin. "Espetxetik irtetean esan bezala, bake prozesua bultzatu egin behar da, hori delako bake justu eta iraunkorra lortzeko bide bakarra. Frantziako Estatuak Euskal Herriaren existentzia aitortu behar du", adierazi du.

Ondoren, haren bi abokatuek hartu dute hitza, eta IK-ko preso ohiaren askatzearen ondotik Frantzian zenbait politikariren aldetik izan diren jarrera eta adierazpenak salatu dituzte. Esaterako, Bidartek espetxetik irtetean esandakoa "krimenaren apologia" izan daitekeela erran zuen Pascal Clement Frantziako Justizia ministroak eta berriro zigortua izateko aukera dagoela. Dena dela, gero Justizia ministeriotik argitu zuten Clementek Bidarti "abisu" bat eman nahi izan ziola eta "krimenaren apologiarik" ez dagoela. Raymond Couderc Beziersko auzapezak, berriz, erran zuen Bidart ez dela ongi etorria Beziersera (hor bizi beharko du 2014a arte eta hasiera batean han zen egitekoa gaurko ongietorria). Bidarten aurkako kanpaina salatu dute haren abokatuek.

300 bat lagun bildu dira Magalasen -Beziersetik kilometro gutxira-, eta orain bazkaria egiten ari dira.

Bidart asteazkenean askatu zuten, Clairvaux espetxean. 19 urtean eduki dute preso. 1988an atxilotu zuten, Bokalen (Lapurdi), IK-ko beste lau kiderekin batera. Orain baldintzapeko askatasuna eman diote eta Frantzia hegoaldean Beziers herrian bizi beharko du, eta han eskaini zioten lanpostua bete. Baldintza horiek 2014. urtera arte izanen dira indarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.