Presoak

Filipe Bidarti baldintzapeko askatasuna ukatu diote

Frantziako legediaren arabera, behin 15 urte espetxean igarota, baldintzapeko askatasuna erdiesteko eskubidea dute presoek. Hala ere, Filipe Bidart IK Iparretarrak-eko presoak dagoeneko kartzelan 16 urte egin dituen arren, ukatu egin diote aukera hori. Bidarten abokatu eta haren aldeko sostengu taldearen ustez, "erabaki politikoa" dago ebazpen horren oinarrian.

2004ko uztailaren 30a
14:02
Entzun
Filipe Bidarten aldeko sostengu taldeak Baionan azaldu duenez, libre irteteko baldintza guztiak betetzen ditu Bidartek: batetik, dagoeneko 16 urte egin ditu espetxean; bestetik, Frantzia hegoaldeko 25 departamendutan sartzeko debekua duenez —Euskal Herrian barne—, Montpellieren topatu diote lana eta etxebizitza; halaber, psikologo eta psikiatren txostenak Bidart libre uztearen aldekoak dira.

Baina, hala eta guztiz ere, epaileak ezezkoa eman dio Bidart askatzeko defentsaren eskaerari. "Argi da erabaki politiko bat dela, Filipek baldintza guztiak betetzen baititu, baina, hala ere, ezetza eman diote. Ikusiz zer presio jasan ditugun prokuradoaren aldetik, baina, batik bat, Estatuaren aldetik, argi da horren guztiaren oinarrian Frantziako Estatuaren politika errepresiboa dagoela", adierazi du Ttotte Etxebeste sostengu taldeko kideak.

Hain zuzen ere, Etxebeste Bidartekin batera atxilotu zuten, Bokalen, Frantziako Poliziarekin tiroketa bat izan ostean. Tiroketa hartan zauritu egin zuten Etxebeste, eta, harrezkero, gurpildun aulkian ibili behar du.

Mobilizazio komite berria

Orain, epaileen ukoa jasota, beste urtebete itxaron behar du defentsak berriro ere baldintzapeko askatasun eskaera egiteko. Nolanahi ere, bitarte horretan, Bidarten askatasuna eskatzeko mobilizazioak aurrera eramango dituen komite berri bat sortuko dutela iragarri dute Baionan bildutako senide eta lagunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.