Sumenditik gorpua jaitsi bezain laster hasiko dira gorpua Euskal Herrira ekartzeko lanak egiten. Sara Frances Azkoiengo gaztea (Nafarroa), herenegun hil zen mutil-lagunarekin eta horren bi lehengusurekin Mayon sumendira igotzen ari zenean. Ustekabean sumendia lehertu eta lau horiek eta mendiko gida hil ziren. Beste 17 mendizalerekin batera ari ziren igotzen, ez baitzegoen inolako alertarik emanda.
"Euriak erreskate lana oztopatzen ari da. Gainera, 45 graduko aldapa du sumendiak, eta gorpuak inguru oso irristakor batean daude", esan du Duke Nuñez Filipinetako Legazpi hiriko funtzionarioak. Legazpitik hamalau kilometrora dago sumendiaren magala. Lainoen ondorioz ikusmen gutxi dagoela esan dute, eta ondorioz helikopteroek ezin izan dute gorpuak dauden lekura iritsi.
Nuñesek gaineratu duenez, sumendiak kea eta harriak bota zituen lehertu zenean. Ez dago, ordea, garbi zerk eragin zien heriotza. "Burrunba bat entzun nuen, eta lurrinezko lainoa guregana jaisten ikusi nuen. Sutan ziren arrokak erortzen hasi ziren. Ez nuen ezer sentitzen, handik jaitsi nahi nuela pentsatzen nuen soilik", esan du sumendira igotzen ari zen gida batek.
Bizirik ateratze lortu zutenek eman zuten alerta. Josey Salceda Albay probintziako gobernadoreak gogorarazi du sumendia piztuta dagoela, eta agintariek ez dutela bultzatzen ezta debekatzen ere hara igotzea. "Alerten arabera kontrolatu daiteke mendizaleen jarduera", gaineratu du. Filipinetako bulkanologia eta sismologia institutotik adierazi dute leherketa "oso txikia" izan zela, eta ez dutela erupziorik edo lurrikararik erregistratu.