Berandu heldu zen Fillon Miarritzera. Oren erdi. Agenda beterik zegoen, ofiziala ez den baina abian dagoen hauteskunde kanpainaren eraginez. Eguerdian Angelun behar zuen, Claude Olive UMPko hautagaia sostengatzeko. Saltegietara sartu, eskua eman eta atera. Abantzu argazkietan hartzeko denborarik gabe. Argi erran zuen, Brisson eta Olive sostengatzera heldua zela. Lehen ministro zelarik, Ipar Euskal Herriak ez zuen ukan aitortzarik. Kargua utzita, ez du arrazoirik egindakoa zalantzan ezartzeko. Gogoratu du Hitzarmen Berezia landu zuela eta horrek ekar dezakeela Ipar Euskal Herriaren "berezitasuna" bermatzea. Alsazia aipatu du, ez Korsikako eredua.
Fillonen ondoan, Brisson. Departamenduko UMPko buruak ez du irriparrea galdu bisitaldi osoan. Fillonen hitzak ez datoz bat Brissonek Lurralde Elkargoaren alde egindako adierazpenekin. Ez datoz bat agintari sozialistei egiten dieten kritikekin, Euskal Herriaren nahia ez errespetatzeagatik. Herriko Etxerako hauteskundeak dira eta horretara mugatu nahi du Brisson. Ez dio deus erantsi Fillonek erranari.