EAJk oniritzia eman die EH Bilduk eginiko azken zuzenketei. Bi aldeetako ordezkariek astelehen arratsaldean lortu zuten finantzaketari buruzko adostasuna, eta iluntzean aztertu zuen EAJko zuzendaritzak. PSE-EEk eta PPk duela bi aste iragarri zuten kontrako botoa emango dutela.
Besteak beste, parte hartzea sustatzeko neurriak ezarri eta euskararen inguruan udalen eskumenak zehaztuko ditu Udal Legeak. Euskararen alorrean, udalek eta toki erakundeek euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzeko eskumenak izango dituzte, beti ere, euren eremuetan. Parte hartzeari dagokionez, hura bultzatzeko baliabide zehatzak jarriko dituzte, esaterako herri kontsulten aukera jasoz. Gainera, Lurralde Historikoei dagozkien errekurtsoak banatzerako orduan, partaidetza zuzena izango dute herriek, hitzez eta botoz,Euskal Finantzen Erakundean izango duten ordezkaritza medio.
Joan den azaroan proposamena helarazi zien EAJk taldeei, eta EH Bildu izan zen negoziatzeko prest agertu zen talde bakarra. Elkarlan horren lehen emaitza hilaren 12an iritsi zen, lege proiektuaren lehen sei ataletan ados jarri baitziren bi taldeak. Besteren artean, akordioa lortu zuten udalek tratamendu "orekatua" eman diezaioten euskarari, udal eskumenak "blindatzeko" eta gardentasuna eta herritarren parte hartzea bermatzeko. Alabaina, udalen finantzaketaren atalean ez ziren ados jarri, eta negoziatzen jarraitzea erabaki zuten.
Hamaika ertz dituen gaia izaki, eztabaida konplexua ekarri du bere baitan Udal Legearen tramitazioak. Izan ere, egungo lurralde antolaketa eta, bidenabar, botere banaketa berri bat dago jokoan. Horregatik, EH Bildurentzat "gakoa" da finantzaketari buruzko atala ixtea akordioa lortu nahi bada.