«Trantsizio prozesuak aztertzen ditugunean, ezin da aurreikuspenik egin. Baina aztertu daitezke faktoreak, eta oraintxe bertan, inork ezin diezaguke uka Katalunian gertuago gaudela independentziatik: faktore gehiago daude haren alde, aurka baino». Jaume Lopezen hitzak dira; edo, zehazkiago, Jaume Lopezen barruko politologoarenak. «Zientzialari eta ekintzaile» gisa aurkezten baitu bere burua: «Zientzia Politikoetan diharduen unionista batek ere, zintzoa baldin bada behintzat, ez luke ukatuko».
Leporaino zegoen atzo Donostiako San Telmo museoko areto nagusia: adi entzuten zioten bertara bildutakoek Lopezi. Bera katalanez mintzo zen, eta entzuleek euskarazko itzulpen zerbitzuarekin jarraitzen zioten. Alboan, arrazoia ematen zioten Rita Marzoa kazetariak eta Salvador Cardus soziologoak buruarekin. BERRIA-k eta beste sei erakundek abiatutako Norabidea.info Euskal Herriaren geroari buruzko hausnarketa blogaren aurkezpen ekitaldiko mahai-ingurura gonbidatutako hiru adituek ezin zioten elkarri arrazoirik kendu: bakoitzak bere esparrutik, finkatuta daukate euren norabidea: hirurek Katalunia independentea irudikatzen dute jada buruan.
Kataluniako Gobernuarentzako Trantsiziorako Aholku Batzordeko kidea da Cardus: aldarrikatzen duten estatua eraikitzeko oinarrizko egiturak pentsatzeaz arduratzen da erakunde hori. «Trantsizioa heltzen denean, argi eduki behar dugu nolako egiturak nahi ditugun: nola kudeatu nahi ditugun gure zergak, ura, energia, komunikabideak...». Dauden egitura juridikoak aztertu, eta baliagarritzat jotzen dituztenak eredu gisa hartzen dituzte: «Zerga sistemari dagokionez, esaterako, ohartu ginen Espainiakoak hutsune handiak zituela, ebasio handia zegoelako. Guk ez dugu sistema tributario polizial bat nahi: zergak ordaintzea ekarpen gisa ikustea nahi dugu».
Hasieran, «lan diskretua» egiteko eratu zuten hamalau kideko batzordea, baina aurki ohartu ziren ez zela nahikoa estatua diseinatzeko talde bat lanean jartzea: haiek egindako hausnarketak ezagutzera ere eman behar ziren. Horregatik, prozesuaren nondik norakoak nazioartera hedatzeaz ere arduratzen da aholku batzordea. «Herritarrek ahal beste informazio izan dezaten nahi dugu, unea heltzen denean hori guztia eskura dutela bozka dezaten».
Denetariko gaien inguruko hogei txosten inguru argitaratuko dituzte azaroaren 9ko galdeketara bitartean. Orain, egun horretan dituzte indarrak jarrita, jakin badakiten arren oztopoz betetako sei hilabete izango direla ordura artekoak. «Kontsulta debekatzen badute, hauteskunde plebiszitarioak egiteko aukera aipatu izan da», aipatu du Cardusek: «Hauteskunde plebiszitarioak, berez, ez dira existitzen. Boz arruntak lirateke, baina egoeraren berezitasuna kontuan izanda, izaera hori izango lukete. Dena den, hori ez da inoren nahia, ez eta gobernuarena ere».
Logika eta gehiengo berriak
Kataluniak atzera begiratzeari utzi dio. Marzoaren ustez, hori izan da azken urteotako bultzada independentistaren gakoa: «Ilusioa pizten duen prozesu bat da: ez dugu independentzia bilatzen zerbait ez bizitzeko gogotik abiatuta, zerbait eraikitzeko gogotik baizik. Katalunian bizi garen zazpi milioi eta erdi pertsonak hobeto bizi daitezen,e ta hemendik gutxira Valentzian eta Baleareetan bizi diren beste bederatzi milioiak ere hobeto bizi daitezen».
Gizartean aldaketa nabarmena gertatu da: «Duela hamabost urte, espainiarrak ote ginen galdetzen zigutenean, friki batzuek baino ez genuen esaten katalanak ginela. Bada, orain sentimendu hori da nagusi gizartean».
Joera horrek islada lortu du parlamentuan: diputatuen hiru laurdenak agertu dira erabakitzeko eskubidearen alde. Marzoaren ustez, «salbuespen egoeran» dago Katalunia, eta horrek ezinbestean gauzei beste logika batetik begiratzera behartzen du: «Ongizate estatu osoa aztertu behar da berriz, eta pentsatu zein hezkuntza, osasun eta abarren eredua nahi dugun. Eta zein da irakurketa berri horren aurrean Espainiatik ematen diguten erantzuna? LOMCE legea, eskumenak gehiago zentralizatzea, herritarren segurtasunerako legea, abortuaren legea...». Egoera horretan, bi aukera baino ez ditu ikusten kazetariak: «Edo aurrera goaz, edo atzera egingo dugu. Gauden bezala, behintzat, ez gara geldituko: gu ez bagara mugitzen, atzera egingo dugu».
Komunikabideek ere, gizarte horretako eragile soziokultural gisa dagokien arduraz jokatu behar dute: «Orain arte, hedabide publikoetako langileok sentsazio bitxia geneukan: 'Kazetaria zara, ikuspegi guztiak erakusten saiatu behar zenuke, koadro osoa erakutsi...'. Baina hedabide publikook parlamentuaren eta herritar gehienen mende gaude. Eta une honetan, denonak diren hedabideek gehiengo horri lekua eman behar diogu. Izan ere, beste bertsioa ematen dutenen pisua handia da, eta, gainera, ez dute errealitatea erakusten».
«Buruko independentzia»
2006ko otsailean kokatzen dute hiru adituek independentismoaren goraka garaikidearen lehen adierazpena: Estatutuaren erreforma eskatzeko, manifestazio jendetsua egin zuten Bartzelonan, Nazio bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu lelopean. «Ez genuen kasualitatez aukeratu leloa», ekarri du gogora Lopezek: «Bi tradizio uztartzeko aukera ematen zigun: autodeterminazio eskubidea aspalditik aldarrikatzen zutenena, eta eredu federalistago bat eskatzen genuenona».
Artean ez zen erabakitzeko eskubidea independentziarekin lotzen; ez, behintzat, gaur egun bezainbeste. «Txip aldaketa» hori, katalan askoren kasuan. lehenbizi buruan gertatu zela azaldu du Lopezek. Bere buruaz ere segituan ohartarazi du: ber ama-hizkuntza gaztelania da, eta hori ez da aldatuko. «Baina ez da hori batzen gaituena: inork ez du bere ama hizkuntza aukeratzen. Denborarekin, ikasi dugu katalana dela elkartzen gaituena. Independentzia buruan gertatu da, azpiegituretan baino lehenago; eta horrek lagundu digu erabakitzeko eskubidearen kontzeptura iristen». Eta erabakitzeko eskubidetik, independentismora: «Gutxi izan dira alderantzizko bidea egin dutenak».