memoria historikoa

Fiskala Billy el Niñoren estradizioaren aurka, delituak preskribatuta daudela argudiatuta

Epaileak debekatu egin du inputatuaren irudiak hartzea, eta fiskalak bat egin du eskaerarekin. Billy el Niñok atentatu bat jasan dezakeelakoan eskatu du haren abokatuak irudirik hartzen ez uzteko.

'Billy el Niño', gaur epailearen aurrean deklaratzen. Irudiak hartzea debekatu duten arren, Efe agentziak hau zabaldu du, atzetik hartua. ZIPI, EFE
urtzi urkizu
2014ko apirilaren 10a
07:34
Entzun

Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño-ren irudirik ezin izan dute hartu argazkilariek. Concepcion Espejel auzia daraman Auzitegi Nazionaleko ataleko presidenteak debekatu egin du Billy el Niño-ren irudiak hartzea, Servini epaileak egindako estradizio eskaera aztertzeko auzi saioan. Inputatuaren abokatuak esan du "arrazoi pertsonalak" daudela Billy el Niñoren irudirik ez hartzeko. "Atentatu bat jasan dezake", adierazi du abokatuak. Nabarmendu du Poliziaren agiriak dituela, "mehatxuak eta jazarpenak" ziurtatzen dituztenak. Fiskalak ere Gonzalez Pachecoren irudiak ez hartzea defendatu du. Halaber, fiskalak adierazi du Argentinak kereila Espainian aurkez dezakeela, "baina ez justiziagatik, konpromiso diplomatikoei erantzuteagatik baizik". Abokatuak Billy el Niñok egindako torturak ukatu ditu. Estradizioaren aurka azaldu da fiskala, inputatuari leporatzen zaizkion tortura delituak preskribatuta daudelako. "Izatekotan, Espainiako epaitegiek epaitu beharko lukete", gaineratu du fiskalak.

Billy el Niñok soilik bi galderei erantzun die auzi saioan. Argentinarekin loturarik izateari buruzko galderan ezezkoa eman du. Tratu txarrengatik noizbait inputatua izan den galderari buruz modu honetan erantzun du: "Ez dut ondo gogoratzen. Duela urte asko gertatu zen. Uste dut ez ginela zigortuak izan". Auzitegi Nazionaleak neurri kautelarrak kendu egin dizkio polizia ohiari; Pablo Ruz epaileak abenduan erabaki zuen astero epaitegian aurkeztu beharko zuela, Espainiatik irtetea galarazi zion eta pasaportea erretiratu zion.

Frankismoko krimenen aurkako kereilaren koordinakundeak deituta, elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurraldean. Sabino Cuadra Amaiurko diputatuak protestan parte hartu du. "Torturatzaileak epaitu!" eta "Memoria dugu, justizia nahi dugu!" oihuak egin dituzte, besteak beste.

Madrilen ekitaldi bat egin zuten, Billy el Niño-ren estradizio eskaeraren arrazoiak plazaratzeko. Polizia ohiaren torturak salatu dituzten lau biktimek euren testigantzak eman zituzten. Euskal Herriko hainbat herritarrek ere Billy el Niñoren torturak salatu izan dituzte.

Bestalde, joan den ostiralean kereilaren sustatzaile Carlos Slepoy abokatua Maria Servini epailearekin bildu zen. Abokatuak azaldu duenez, egun gutxiren buruan nazioarteko atxilotze agindu gehiago emango ditu epaileak. Servinik Espainiara bidaiatzea eskatu du, aurrez aurre deklarazio batzuk hartzeko eta gorpu batzuk hilobitik nola ateratzen dituzten ikusteko.

Tolosan (Gipuzkoa), "Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez!" lelopean elkarretaratze bat egingo dute igandean. Triangulo plazan izango da protesta, 12:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.