Politika

Fiskalak 15 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Otegirentzat

EAEko Auzitegi Gorenean Arnaldo Otegiren kontrako epaiketa egin dute gaur, "Espainiako Erregea iraintzea" leporatuta. Guardia Zibilak 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zuenean, atxilotuetako askok torturak salatu zituzten. Hori gertatu eta egun batzuetara, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek Bizkaiko Badia inauguratu zuen Espainiako Erregearekin. Orduan, Otegik zera esan zuen “nola da posible errege espainiarrarekin argazkia ateratzea, erregea armada espainiarraren buru nagusia, torturatzaileen arduraduna izanik?”, eta horregatik epaitu dute. Otegik esan du, adierazpen horiek Ibarretxeri egindako kritika zirela, eta ez "inor iraintzeko”.

2005eko martxoaren 10a
16:59
Entzun
Batasunak 'Egunkaria auzian' atxilotutakoek egindako tortura testigantzen harira emandako prentsaurrekoan egin zituen adierazpen horiek Otegik, eta gaur azpimarratu duenez, Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxeri kritika politikoa egitea zen bere asmoa. Izan ere, esan duenez, "garai hartan eta testuinguru horretan [Ibarretxeri] ez zitzaion Espainiako Erregearekin Bizkaiko Badia inauguratzea besterik bururatu. Espainiako Erregea Indar Armatuen burua da, eta beraz, Guardia Zibilaren nagusia eta hierarkia gorenekoa". Gaineratu zuen, “Espainiarren erregea armadaren buru nagusia dela ez dut nik asmatu, Espainiako Konstituzioak dio hori”.

“Erakunde politiko baten izenean mintzatu ginen, gizarteari hausnarketa politiko bat helarazteko asmoz, eta garai hartan gainerako alderdi eta eragileek egin zuten moduan”, gaineratu du; “nahiko absurdua da pentsatzea alderdi politiko batek adierazpen bat egitea erabakitzen duela inor iraintzeko helburu soilarekin”.

Fiskalak, 15 hilabeteko kartzela zigorra eta beste hainbeste denborako inhabilitazioa eskatu du Otegirentzat. Defentsa abokatu Jone Goirizelaiak, berriz, absoluzioa eskatu du, Otegiren adierazpenak "adierazpen askatasunaren eta ekinbide politikoaren baitan" daudela argudiatuta.

Gaurko epaiketan, lekuko gisa deklaratzera joan dira 'Euskaldunon Egunkaria'-ko zuzendari ohi Martxelo Otamendi eta hango Administrazio Kontseiluko lehendakariaIñaki Uria. Otamendi inkomunikazio garaian jasan zituen torturak kontatzen hasi da, baina epaileak isiltzeko agindu dio, gaurko epaiketa gaia ez zela hori argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.