Gaur goizean hasi da 2018ko irailean Kasedan (Nafarroa) gertatutako krimen hirukoitzaren ustezko egileak epaitzeko prozesua, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.
Lehenik eta behin, herri epaimahaia osatuko duten gizon-emakumeak aukeratu dituzte, bi orduko saioan: sei emakume eta hiru gizon izanen dira. Prozesu horretan, epaimahaiko bederatzi kideez gain, bi ordezko ere hautatu dituzte. Horren ondoren, ahozko saioa hasi da, aldez aurretik ebatzi beharreko alegazioekin. Biharko saioan, hiru akusatuek deklaratuko dute epailearen aurrean.
Maiatzaren 27an, frogak aurkeztuko dituzte alde guztiek. Espero izatekoa da epaimahaia maiatzaren 31tik aurrera hastea ebazpena eztabaidatzen.
Fiskalak 60 urteko kartzela zigorra eskatu du hiru akusatuentzat [20 urte, hilketa delitu bakoitzeko].
2018ko irailaren 18an, familia bereko hiru pertsona hil zituzten Kasedan, eskopeta tiroz: 50 urteko F.J.E. eta 29 eta 17 urteko bi semeak. Fiskalaren arabera, hiru akusatuek (aita-semeak horiek ere) eta hiru biktimek eztabaida gogorra izan zuten.
Nafarroako larrialdi zerbitzuek 18:53an jaso zuten abisua, Kasedako kale batean «bi familiaren arteko liskarra» zegoela, tiroak entzun zirela eta batzuek eskopetak zituztela. Foruzaingoaren hainbat patruila hara joan ziren, baita anbulantziak ere, eta heltzean hiru lagun lurrean aurkitu zituzten. Tiroen egileek auto batean ihes egin zuten, baina Foruzaingoak San Martin Unx parean atzeman eta atxilotu zituen gero.