Epaitegiak

Fiskalak akusazioa erretiratu die hamabi gazte auzipeturi

Aurreko epaiketa batean epaiak ukatu zuen lotura bat erabili dute poliziek 28 gazteen kontrako epaiketan, eta hamasei auzipeturen zigor eskaerak berretsi ditu fiskalak. Epaitegira sartu aurretik auzipetuek aterki laranjak zabaldu dituzte Jone Amezagarekin elkartasunez. Bihar jarraituko du epaiketak. Bideoa: gazteen balorazioa saioaren ostean. [Youtube]http://youtu.be/WiGX9cmVpVg[/Youtube]

Hodei Iruretagoiena
2014ko abenduaren 16a
07:51
Entzun

Izaskun Goñi, Egoi Irisarri, Endika Perez, Imanol Beristain, Ikoitz Arrese, Irati Tobar, Saioa Zibiaur, Ainara Ladron, Aitziber Plazaola, Beñat Lizeaga, Jazint Ramirez eta Xalbador Ramirezen kontrako akusazioak erretiratu ditu fiskalak. Gainerako auzipetuentzat, ordea, seina urteko zigor eskaerak mantendu ditu. Bihar jarraituko du epaiketak, 10:00etan.

Defentsaren perituek atzo egiazkotzat jo zituzten gazteen tortura salaketak Istanbulgo protokoloa oinarri hartuta. Gaur Poliziaen perituek hartu dute hitza. Poliziek berretsi egin dute euren txostenetan esandakoa: auzipetuak Segikoak zirela, eta hori frogatzeko esan dute, besteak beste, Gazte eta aske, irabazi arte leloa Segirena zela. Independentzia leloa ere Segikoa zela esan dute, nahiz eta beste 40 gazteren aurkako epaiketaren epaiak lotura hori ukatu zuen. Hodei Iruretagoiena Auzitegi Nazionalean da:

Zalantzarik gabe esan dute Espainiako Auzitegi Nazionalean peritu gisa aritu diren psikologo eta adituek. «Sinesgarritasun erabatekoa edo maila handikoa» dute auzipetuek egindako tortura salaketek. Segiko kide izatea egozten dieten 28 gazteetatik 20 Espainiako Poliziak atxilotu zituen, eta haietako hemeretzik salatu zituzten torturak. Guztiek egin dute Istanbulgo protokoloa, eta egiazkotzat jo dituzte adituek haien testigantzak. Lau ordu inguruz aritu dira defentsaren perituak Nazio Batuen Erakundeak lehenetsitako metodoa eta hortik ateratako ondorioak azaltzen. Haien esanetan, gazteek emandako testigantzak bat datoz gaur arte jasan dituzten ondorio psikologikoekin eta diagnostikatu dizkieten koadro klinikoekin.

Auzipetuekin lanean aritu diren hamabi psikologoek argi utzi dute aurkezpenetan adituak direla lan horretan: Espainiako psikologia elkarteetako kideak dira asko, unibertsitatean arlo horretan lanean ari direnak, tortura eta tratu txarren inguruan ikasketa ugari eginak eta ibilbide profesional luzekoak. Gainera, nabarmendu dute ez direla «talde» batekoak: epaiketa prestatzeko aritu direla, eta giza eskubideak direla batzen dituen bakarra.

Maria Angeles Plaza eta Miguel Angel Navarrok egin dute sarrera, Istanbulgo protokoloa zer den azalduz: metodologia zorrotz eta eraginkorra ezartzen duela oroitarazi dute, eta NBEren torturaren prebentziorako eta giza eskubideen aldeko batzordeek «oinarrizko erreferentzia gidatzat» hartua duela 2000. urtetik. Estatuei ere egin diete gomendioa, tortura bukatzeko bidean protokolo hori ezartzeko, baina Espainiako Auzitegi Nazionalean ez da oso ezaguna oraindik. 28 gazteen aurkako auziaren aurrekari den 40 gazteren kasuan, «erreferentziazko dokumentua» zela onartu zuten epaileek, absoluzio epaia eman zutenean.

Hiru helburu ditu gidak, Plazak azaldu duenez: salaketak dokumentatzea, ondorio psikologikoak ebaluatzea eta testigantzak eta zantzu klinikoak zenbateraino datozen bat esatea. Abokatuen galderei erantzunez, banan-banan aletu dituzte tortura salatu zuten auzipetu bakoitzari buruzko ondorioak. Fiskalak, berriz, galdera gutxi egin ditu: azterketen iturrien eta metodologiaren ingurukoak. Hasieratik nabarmendu nahi izan du «parte» direla perituak, alde batekoak direla.

Ondorioak, gaur arte

Gazte gehienek luzaroan jasan dituzte ondorio psikologikoak; gaur egun arte. Beldurra, izaera aldaketa nabarmenak, gertatutakoa oroitzea saihesteko ahaleginak, errudun sentsazioa, desoreka emozionala, nahasmena, egoera guztiak kontrolpean eduki beharra, klaustrofobia, depresioa... Gazteetako bati, adibidez, bere buruaz beste egitea eragozteko programa ezarri zioten espetxeko medikuek, preso sartu zutenean. Sexu erasoak jasandakoen kasuan, gainera, harreman afektiboetarako zailtasunak eta sexualitatearen asaldurak ere atzeman dizkiete.

Testigantza emateko orduan nabari dira sintoma batzuk, gazteekin elkarrizketak egin dituzten profesionalen hitzetan: antsietatea, isiluneak, negarra... Peritu batek kontatu du, esaterako, bezero batek nola izan zituen inkomunikazio aldiko erreakzio berberak testigantza ematen ari zela, eta psikologoak ekarri behar izan zuela gaztea bere onera; «hemen eta orain» zegoela oroitarazi behar izan ziola, kontsultan zegoela, leku seguruan.

Fiskalak galdetu die ea nola dakiten traumak horiek torturak eraginak direla. Adibide batekin erantzun diote: etengabe amesgaiztoak baditu pertsona batek, edozein traumaren ondorio izan daiteke hori. Baina ametsetan torturatu zuela dioen haren aurpegia ikusten badu beti, argi dago nondik datorren trauma.

Gazteekin ez ezik, haien gertuko jendearekin ere egin dituzte elkarrizketak psikologoek. Ahal izan dutenetan eta baliagarri zitzaienetan, auzi medikuen txostenak ere sartu dituzte ikerketan.

Torturatzeko erabiltzen diren teknikak eta gazteek inkomunikazio aldian jasandako egoerak ere deskribatu dituzte. Shock egoeran, «beldurra da pertsona otzan bihurtu eta edozer onartzera daramana».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.