Gabonetako oporraldia dela-eta 18/98 auziko epaiketan hiru asteko etena egin ondoren, gaur ekin diote berriro epaiketari, Madrilen, eta auzipetuen defentsak uko egin dio adituen deklarazioa aurkezteari, "epaiketa politikoa delako", Iñigo Iruin abokatuak defentsaren izenean esan duenez. Froga dokumentalari ere uko egin dio defentsak.
Akusazioen adituek -gehienak Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako kideak- joan den abenduaren 18an bukatu zituzten euren deklarazioak. Iruinen esanetan, "zalantzazkoak" dira haien arrazoiak.
Miguel Angel Carballo fiskalak Egunkaria auzian kasua artxibatzeko eskatu zuen orain dela aste batzuk, delitua egin izanaren "frogarik ez" dagoelako. Gaur Iruin abokatuak 18/98 auziko Enrique Molina fiskalaren kontraesana nabarmendu du, Irunen ustez Carballok Egunkaria auzia artxibatzeko eskatzeko erabilitako dokumentuak Molinak kasu honetan akusazioak egiteko erabiltzen dituelako. Molina fiskalari Carballok Egunkaria auzian erabilitako arrazoiei eusteko eskatu dio Iruinek eta, orduan bezala, akusazioa erretiratzeko. Fiskalak, baina, ez du kontuan hartu eskaera.
Javier Zaragoza Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusiak esan du Egunkaria-ko kasua eta 18/98koa "desberdinak" direla, eta 18/98ko defentsak "arrazoirik" ez duela.
Defentsaren beste eskaera bat: epaiketan ondorioen garaia iritsi arte, auzipetuak Euskal Herritik Madrilera bueltaka ez ibiltzea. Salak baztertu egin du eskaera hori.
Gaur hasi dena epaiketako 42. astea da; 2005eko azaroan hasi zen.
Egunkaria, Haika-Segi eta Udalbiltzako auzietako ordezkari batzuk gaur Madrilen daude, epaitegian.
18/98 auzia
Fiskalak baztertu egin du '18/98 auziko' akusazioa erretiratzea
Iruin abokatuak esan du fiskalak 'Egunkaria auzia' artxibatzeko eskatzeko erabilitako dokumentuak '18/98'-n akusazioak egiteko erabiltzen dituztela. Molina fiskalak, baina, ez du kontuan hartu eskaera. Auzipetuen defentsak uko egin dio adituen deklarazioa aurkezteari, "epaiketa politikoa delako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu