Alfredo De Miguel Arabako EAJren buru ohiak gidatu zuen ustezko gaizkile sareak "inolako lotsarik gabe" eskatu zituen legez kanpoko komisioak, fiskalaren esanetan. Horretarako, Arabako Foru Aldundiko kontu ofizialak erabili zituela ziurtatu du. Izagirreren esanetan, ustezko sareko kideek "establishmentaren babesa" zuten. Haren iritziz, froga nahikoa dira Ainhoa Alberdi abokatuak 2009an jarri zuen salaketan aurkeztu zituen grabazio eta mezu elektronikoak.
De Miguelez gain, 25 pertsona daude auzipetuta. Horien artean, Arabako EAJren zuzendaritzako kide izandako zenbait eta Eusko Jaurlaritzako hainbat arduradun ohi.
Defentsak aurkeztu dituen eskariei erantzun die gaur fikalak. Auzipetuen abokatuek instrukzio osoa eta grabazioak baliogabe uztea galdegin dute. Izagirrek, ordea, ez du halakorik onartu. Gogorarazi duenez, 2015ean Arabako Auzitegiak grabazioen gaineko eskaria baztertu zuen, eta defentsak ez du gai horren gaineko berritasunik aurkeztu. Fiskalak gaineratu du grabazioak eta mezu elektronikoak froga gisa onartuko ez balira ere, Alberdi abokatuaren testigantza eta auzian biltzen diren gainerako ustezko delituak aztertu beharko liratekeela.
Alberdik 2009an salatu zuen De Miguelek, Arabako ahaldun nagusi zenean, 100.000 euroko komisioa eskatu ziola kontratu publiko baten esleipenaren truke. Arabako Parke Teknologikoaren handitzearekin lotuta zegoen kontratu hura. Horrez gain, fiskalak nabarmendu du abokatuaren esanetan Julian Sanchez Alegria orduan Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidente zenari ere komisioa eskatu ziola, eta hark ez zuela salatu, De Migueli "zuhurrago" izan zedila eskatu ziola. Sanchez Alegria ere auzian inputatuta dago.
Fiskalak instrukzio epailearen eta Ertzaintzaren lana goraipatu ditu.