Egunkaria auzian oro har, eta zehazki, zazpi auzipetuen kontra aurkeztu diren frogak "oso ahulak" direla iritzi dio Miguel Angel Carballo auziko fiskalak, eta, ondorioz, auzia artxibatzeko eskatu du. Carballoren arabera, ezin da frogatu Egunkaria-k zein auzipetuek ETArekin lotura zutenik, eta legez kontrako elkartea osatzen zutenik. Fiskalak gaineratu du 1993an hasi zela susmo horren inguruko ikerketa, eta gaur arte ez dela froga nahikorik bildu. Adierazi du froga horietatik ondoriozta daitekeela Egunkaria-ren inguruko interesa zuela ETAk, baina ez besterik.
Carballo fiskalak azpimarratu du auzipetuen kontrako akusazioa eraikitzeko erabili diren agiri ia guztiak publikoak eta lehenago beste auzi batzuetan ibilitakoak direla. Halaber, 1993tik aurrera ez dela bildu Egunkaria-k ETArekin lotura duela adieraz dezakeen agiririk, eta kazetaren urteetako ibilbidean ez zela haren lerro editorialean ETAren eta haren jardunaren aldeko jarrerarik atzeman.
Auzia gidatu duen Juan del Olmo epaileak, ostera, ETAren menera aritzea egozten zien zazpi auzipetuei.
Iñaki Uria Egunkaria-ko kontseilari ordezkaria, Joan Mari Torrealdai administrazio kontseiluko presidentea, Txema Auzmendi administrazio kontseiluko idazkaria, Martxelo Otamendi Egunkaria-ren azken zuzendaria, Peio Zubiria zuzendari izana, Xabier Oleaga zuzendariorde izana eta Xabier Alegria dira zazpi auzipetuak.
Litekeena da epaiketa egitea
Fiskaltzak artxibatzea eskatu arren, oraindik ere litekeena da epaiketa egitea. Izan ere, AVT eta Dignidad y Justicia ordezkatzen dituzten herri akusazioek auziarekin aurrera jarraitzeko eskatuko dute, eta eskaera hori aintzat har dezake epaimahaiak, hau da, Auzitegi Nazionaleko 1. Salak.
Egunkaria 2003ko otsailean itxi zuen Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz. Hamar lagun atxilotu zituzten operazio hartan. Haietako hainbatek inkomunikatuta eduki zituzten bitartean torturatu egin zituztela salatu zuten.
Fiskalak 'Egunkaria auzia' artxibatzeko eskatu du
Auziaren kalifikazio txostena plazaratu du Miguel Angel Carballo Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, eta artxibatzea eskatu du zazpi auzipetuen aurkako frogak "oso ahulak" direla argudiatuta. Hau da, 'Egunkaria'-k eta auzipetuek ETArekin lotura zutela frogatzerik ez dagoela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu