Javier Larraia fiskalak eutsi egin dio Jose Maria Bravo 1995-2004 artean Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoko zuzendari izandakoaren aurkako 24 urte eta hiru hilabeteko kartzela zigor eskaerari, 90eko hamarkadan zortzi milioi euroko iruzurra egin zuelakoan. 1,9 milioi euroko isuna ere eskatu du harentzat.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegian epaitu zituzten, apirilean, Bravo, haren emazte Rosa Cobos eta haren kide kapitalista Javier Atristain; besteak beste, funts publikoak bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta dirua zuritzea leporatuta. Akusazioen arabera —Gipuzkoako Aldundia eta Batzar Nagusiak, eta Fiskaltza—, Bravo da Ogasuneko zortzi milioi euroko iruzurraren erantzule nagusia. Ikerketak zioen ia bi milioi euro bideratu zituela bere poltsikora, eta Cobos eta Atristainen laguntzarekin zuritu zuela diru hori.
Fiskaltzak eta Bravok akordioa lortu zuten bederatzi urteko espetxe zigorra onartzeko, baina Gipuzkoako erakundeek ez zuten onartu hori, eta jarritako salaketari eustea erabaki zuten.
Fiskalak sei urte eta hiru hilabeteko kartzela eskatu du Cobosentzat, lehen baino ia lau urte txikiagoa. Atristainen aurkako akusazioa, berriz, kendu egin du —lehen, urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat—.
Gipuzkoako Aldundiak eta Batzar Nagusiek 27 urteko espetxea eskatu dute Bravorentzat —lehen, 30ekoa—, Cobosentzat zazpi urte eta erdikoa —lehen, zortzi urte eta bost hilabetekoa—, eta Atristainen akusazioa erretiratu egin du —lehen, bi urteko kartzela eskaera—.