udalbiltza auzia

Fiskalak Garmendia, Arkotxa eta Iragorrirentzako kartzela eskaera 15 urtetik 10era jaitsi du, eta zigorrik ez du eskatu Alegriarentzat

'Udalbiltza auziko' akusazio ekonomikoa erretiratu ostean eman du neurriaren berri Juan Moralek; Alegria ez beste 20 auzipetuentzako hamarna urteko espetxea eskatzen du. Aldiz, Dignidad y Justicia herri akusazioak eskaera guztiei eutsi die; defentsak absoluzioa eskatu du, "akusazioek funtsik ez dutelako". Gaur ekin diote epaiketari, eta baliteke bihar amaitzea.

2010eko urriaren 25a
19:39
Entzun
Joseba Garmendia, Loren Arkotxa eta Xabier Iragorri Udalbiltzako auzipetuentzako kartzela zigor eskaera jaitsi egin du Juan Moral Espainiako fiskalak gaur: hamabost urtetik hamarrera. Auziko akusazio ekonomikoa -"diru erabilera okerra"- erretiratu egin du fiskalak, eta horregatik murriztu du hiru haientzako zigor eskaera. Orain akusatzen dien 'bakarra', ETArekiko lotura eduki izana da.

Xabier Alegriari ere egozten zion fiskalak diru erabilera okerraren delitua -hori baino ez-, baina fiskalak berak atzera bota duenez akusazio hori, haregatik ez du espetxe eskaerarik egin. Izan ere, epaimahaiak epaiketaren lehen egunean Alegriari erretiratu egin zion ETAkoa den akusazioa -Miriam Camposi ere bai-, horregatik 18/98 auzian epaitu eta zigortu zutelako. Dena dela, Garmendia, Arkotxa eta Iragorriren kasuan bezala, Dignidad y Justicia herri akusazioak Alegriari ez dio akusazio ekonomikoa erretiratu.

Fiskalak beste hamazazpi auzipetuen aurkako zigor eskaera ez du jaitsi. Ondorioz, horien aurka ere hamar urteko espetxea eskatzen du, ETArekin harremana izan zutelakoan.

Moralen arabera, ETAk 2001ean Udalbiltzaren hartzea erabaki zuen. Euskal Herriko udal erakundea 1999ko irailaren 18an sortu zuten EAJ, EH, EA eta ABko hautetsiek, baita udal ordezkari independente batzuek ere. Jendaurreko ekitaldia egin zuten Bilbon, Euskalduna Jauregian. ETAk 1999ko abenduan su-etena hautsi ondotik, EAJ eta EA beste bide bat hasi zuten.

Gaur ekin diote berriro epaiketari, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Froga dokumentalen, aldeen kalifikazioen eta ondorioen txanda izan da. Goizean Dignidad y Justicia herri akusazioak ere azaldu ditu bere ondorioak, eta eutsi egin die eskaera denei -23 urte arteko kartzela zigorrak-. Arratsaldean defentsak absoluzioa eskatu du, "akusazioek funtsik ez dutelako". Bihar akusatuek azken hitza izango dute, eta baliteke bihar bertan amaitzea epaiketa.

Frogarik ez dute aurkeztu

2003ko apirilean egin zuten Udalbiltzaren aurkako polizia operazioa, eta epaiketa joan den uztailaren 15ean hasi zen. Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik ez dute aurkeztu akusazioek. Polizia lekuko batek aitortu zuen eraikuntza nazionalaren aldeko lanak ez duela esan nahi ETA babesten denik, eta Udabiltzaren aurkako frogarik ez daukatela. Auzipetuek uztailean esan zuten Udalbiltzako erabakiak ez zituela ETAk hartzen; halaber, zioten udal erakundeak diru publikoak eta bere jarduera oro legea jarraituta egiten zituela. Defentsako lekukoek berretsi egin zuten auzipetuen azalpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.