Jesus Alonso fiskalak argudiatu du Auzitegi Nazionalak oker interpretatu duela Espainiako Kongresuak azaroaren 12an onartutako lege organikoa. Frantzian egindako espetxealdia kontuan hartzeko eta delitu berberengatik Espainiako auzitegien aginduz bete beharreko kartzelaldiari kentzeko agindu zuen auzitegiak.
Europak ezarri du irizpidea, eta azaroaren 12an onartutako lege organiko horren bidez txertatu da irizpidea Espainiako legedian. Fiskalak azaldu duenez, xedapen gehigarri baten arabera, ez dira zigorrak murriztu behar 2010eko abuztuaren aurretik ezarritako zigorren kasuan.
Halaber, uste du Espainiako Prozedura Kriminalaren Legearen 988. artikulua urratu dela. Artikulu horren arabera, zigorrak soilik batu daitezke Frantziak zigortutako delituek eta Espainian ondoren epaitutakoek lotura baldin badute.
Auzitegi Nazionaleko Lehen Sekzioak hartu zuen presoen aldeko erabakia; auzitegi berbereko beste sekzio batek, ordea, aurkako erabakia hartu zuen: Iñaki Bilbao Beaskoetxeari ez diezaiola batura hori egin agindu zuen Bigarren Sekzioak. Areto horrek atzo emandako argudioei heldu die fiskalak.