Sei urte eta erdi jaitsi du fiskalakClara Rangelen ustezko hiltzailearen aurkako zigor eskaria. 28 urte eta sei hilabeteko zigorra eskatu du. Alkoholak haren jokabidean «eragin arina» izan zuela defendatu du, eta horregatik murriztu du eskaria. Lehen eguneko azalpenei eutsiz, fiskalak defendatu du Rangelek ez zuela bere burua defendatzeko modurik izan. «Erasoa bat-batekoa, bortitza eta azpikeriarekin egindakoa» izan zen, haren arabera. Gainerako akusazioek 35 urteko zigor eskariari eutsi diote. Epaimahaiko hamaiko kideak etzi hasiko da eztabaidatzen.
Rangel 2008ko abenduaren 29an hil zuten, Errenterian (Gipuzkoa). Haren bikotekidea epaitu dute aste honetan, hilketa egotzita. Asteartean egin zuen deklarazioan hilketa onartu zuen. Baina esan zuen ez zela ezertaz gogoratzen, eta egiten zuenaz jabetu izan balitz ez zuela egingo. Berretsi zuen kokaina eta alkohol asko hartu zituela gau hartan. Auzitegi medikuek ukatu egin zuten guztia, eta defendatu zuten jakitun zela egiten ari zenaz.
Atzo zen epaikietako azken eguna, eta akusatuak hitz hartu zuen.Barkamena eskatu zuen. «Sekula ez nuen pentsatuko halako zerbait egiteko gai izango nintzenik». Barkamena eskatu zien bere senideei, eta azken mezu bat eman nahi izan zuen. «Bikotekidearekin, kokainarekin edo alkoholarekin arazoak dituztenek eska dezatela laguntza. Ez dezatela nik egindako erokeria egin».
Fiskalak jaitsi egin du Rangelen ustezko hiltzailearen zigor eskaria
Sei urte eta erdi gutxiago eskatu ditu, 28 urte eta sei hilabete; epaimahaia etzi hasiko da eztabaidatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu