araba

Fiskalak lau urteko kartzela eskatu du Aitor Telleria EAJko zuzendaritzakide ohiarentzat, espioitzagatik

Bi ertzainentzat ere zigor bera eskatu du Josu Izagirre Arabako Auzitegiko fiskalak. Herrialdeko politika eta gizarte alorreko pertsona ezagunak zelatatzea eta haien bizitza pribatuari buruz lortutako informazioarekin txostenak egitea leporatu die.

2011ko urriaren 27a
13:42
Entzun

Josu Izagirre Arabako Auzitegiko fiskal nagusiak lau urteko kartzela zigorra eskatu du Aitor Telleria EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohiarentzat, espioitza egotzita. Bi ertzainentzat ere zigor bera eskatu du. Hirurei Arabako politika eta gizarte alorreko pertsona ezagunak zelatatzea eta haien bizitza pribatuari buruz lortutako informazioarekin txostenak egitea leporatu die. Halaber, auzipetuek 21 laguni 342.000 euro ordaintzeko eskatu du fiskalak.

Ikerketaren arabera, ustezko zelatatze lanak 2009an eta aurreko urteetan egin zituzten bi ertzainek, eta Telleriaren bulegoan antzeman zituzten txostenak. 2010eko uztailean hasi zuten ikerketa. Espiatutako lagunen artean dira Patxi Lazkoz eta Txarli Prieto PSE-EEko kideak, Santiago Abascal PPkoa, enpresarioak eta kazetariak.

Izagirre fiskalak dio zelatatutako horien "bizitza, segurtasuna eta ohorea arriskuan" jarri zutela.

EAJko hainbat buruzagi harrapatuta dituen ustezko ustelkeria kasu bati —De Miguel auziari— tiraka ezagutu zen espioitzari dagokiona. De Miguel auzian horretan hamar auzipetu daude kapitalak zuritzea, eraginen trafikoa egitea eta sobornatzea egotzita, eta horietako bat da Aitor Telleria, bulegoan politikariei buruzko txostenak atzeman dizkietena. Martxoan utzi zuen kargua, atxilotu zutenean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.