26/11 sumarioan, 36 gazte —eta agertu ez ziren laurak: Goizane Pinedo, Unai Ruiz, Irati Mujika eta Idoya Iragorri— epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean, Segiko kide izatea egotzita, eta azken saioetan da epaiketa. Fiskalak hartu du gaur hitza, eta bihar izango da defentsako abokatuen txanda.
Fiskalak onartu du gazteen tortura salaketak ikertzeko prozedura judizialak ez direla "eraginkorrak" izan, eta inkomunikazio aldiko deklarazioak ezin direla bere horretan frogatzat hartu. Hori horrela, beste elementu batzuekin saiatu da karguak frogatzen; ikerketako txostenekin eta miaketetan aurkitakoekin, esaterako.
Ainara Bakedanori egotzi dio Gazte Independentisten bozeramaile izatea eta Gazte Independentistak Segi-ren mesederako erabiltzea, ekitaldi eta bileren ikerketan oinarrituta. Ion Andaren tortura salaketa zalantzan jarri du, auzi medikuari "behin bakarrik" salatu ziola esanda. Zuzendaritzako kide izatea leporatu dio. Miaketetan aurkitutakoan oinarrituta, Jon Ziriza "zale baino gehiago" zela esan du, Segiko "kide aktiboa" zela.
Xabi de la Mazari Gazte Asanbladan parte hartuz gazte "mugimendua dinamizatu eta kontrolatzea" egotzi dio, eta Eñaut Aiartzaguenari Durangaldeko arduradun izatea eta propaganda prestatzea leporatu dio, miaketetan oinarrituta.
Hogei auzipeturi buruzko ondorioak eman ditu fiskalak, eta bihar jarraituko du gainerako hamaseiekin, 10:30etik aurrera.
Sei urteko eskaera
2009ko azaroaren 24ko sarekadan atxilotu zituzten gehienak —Lapurdin, Madrilen epaile aurrera deklaratzera joanda, eta Erroman, gainontzekoak—, eta seina urteko espetxera zigortzeko eskatu du fiskalak, 2007an Segi "erakunde terrorista" izendatu zutela eta. Iazko urriaren 14an hasi zen epaiketa; lehen saio hartan, militantzia politikoa aldarrikatu, eta torturak salatu zituzten auzipetuek.
Iragan larunbatean agerraldi bat egin zuten gazteek, eta jakinarazi hainbat pertsona ezagunek irakurriko dutela alegatua. Ostiralean egingo duten ekitaldi batean irakurriko dute alegatu hori, besteak beste, Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak, Txema Montero abokatuak, Toti Martinez de Lezea idazleak, Xabier eta Miren Amuriza bertsolariek, Jose Luis Korta arraunlariak eta Alex Txikon mendizaleak.