d3m-Askatasuna auzia

Fiskalak pixka bat jaitsi egin ditu 11 auzipeturen kontrako kartzela eskaerak, eta Antia eta Liguerzana absolbitzearen alde azaldu da

Bederatzi lagunen kasuan espetxe zigor eskaera bederatzi urtetik seira murriztu du eta beste biren kasuan zazpitik bostera. Defentsak guztien absoluzioa eskatu du, haien kontrako frogarik ez dagoelakoan. Auzipetu denen izenean Amparo Lasheras mintzatu da, eta adierazpen askatasuna eta proiektu politiko guztien parte hartze askea aldarrikatu ditu. Gaur bukatu da epaiketa.

2012ko maiatzaren 17a
18:52
Entzun

Vicente Gonzalez Mota Espainiako fiskalak D3M eta Askatasuna auziko 11 auzipeturentzako kartzela zigor eskaerak jaitsi egin ditu pixka bat, eta absoluzioa eskatu du Fernando Antia eta Aitor Liguerzana auzipetuentzat. Epaiketako azkeneko saioan jakinarazi ditu bere eskaerak, ondorioen atalean.

Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozuari espetxe zigor eskaera bederatzi urtetik seira jaitsi die fiskalak —ETAko kide izatea leporatzen die—, eta Jose Antonio Munduate eta Xabier Isasari zazpi urteko eskaera bostera —ETA laguntza ematea egozten diete—. Antia eta Liguerzanaren aurka lehen zazpi urteko kartzela zigor eskaera egin zuen fiskalak.  

Defentsak auzipetu guztien absoluzioa eskatu du. Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuek gaur ere salatu dute Poliziaren susmoetan oinarrituta zigortu nahi dituztela. Nabarmendu dute auzi saioetan lekuko zein peritu gisa deklaratu duten poliziek auzipetuen eta ETAren arteko lotura frogatuko lukeen egitate bakar bat ere ez dutela aurkeztu. Egunkaria eta Udalbiltza auzietako absoluzio epaiak gogoratu dituzte defentsa abokatuek.

Auzipetu guztien izenean Amparo Lasheras mintzatu da, labur. Adierazpen askatasuna eta proiektu politiko guztien parte hartze askea aldarrikatu ditu.

Epaiaren zain geratu dira ondoren. Manuela Fernandez aritu da epaimahaiburu lanetan, eta Ramon Saez Valcarcel eta Nicolas Poveda dira beste bi epaileak.

Maiatzaren 3an ekin zioten epaiketari

Maiatzaren 3an hasi zen epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta D3M plataforma eta Askatasuna alderdia 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira ETAren aginduz sortzea egotzita eraman dituzte auzitara hamahiru lagun. Gonzalez Motak gaur berriro esan du auzipetuek aldez aurretik bazekitela legez kanpoko jarduera bat egitekoak zirela.

Auzipetuek lehen saioan deklaratu zuten ez zituztela ETAren edo Batasunaren aginduak jarraitu, eta euren jarduna "publikoa eta legezkoa" zela berretsi zuten.

Perituek —poliziek eta guardia zibilek— ez zuten froga zehatzik aurkeztu auzipetuen aurka bigarren saioan, eta hurrengo saioan auzipetuen xedea politikoa zela berretsi zuten. Azken saioan, perituen arteko kontraesanak agerian geratu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.