Kukutzaren epaiketaren azken saioa atzo izan zen, eta fiskalaren zein defentsako abokatuen azken ondorioekin amaitu zen. Bere hitzaldian, fiskalak onartu zuen Kukutza "proiektu interesgarria" zela kultur eta gizarte ikuspegitik, baina "jabetza pribaturako eskubidea" jarri zuen horren gainetik. Agintearen kontrako atentatuaren akusazioaz ez zen asko luzatu: frogatutzat eman zuen akusatuak eraso egin ziela ertzainei, eta zigor eskaera mantendu zuen.
Abokatuek, berriz, absoluzioa eskatu zuten, deliturik egon ez zela argudiatuta. Esan zutenez, usurpazioa egozteko, leku batean gau bat ematea baino zerbait gehiago behar da, eta atentatuaren akusazioari dagokionez, baliogabetzeko eskatu zuten, "defentsarako eskubidea" errespetatu ez zelako eta ertzainen bertsioa "ahula eta kontraesanez betea" delako.