"Alde guztiek ondorioztatu dugu pertsona hauei inputatu zaizkien ekintzak soilik politikoak eta sozialak direla" . Horixe azaldu du Amaia Izko auzipetuen defentsak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaiak oinarri hartuta, eskaerak ez direla proportzionalak defendatu du. Izkoren arabera, gazteok "talde terroristako kide" hartuko balituzte ere, aurreikusitako gutxienekoa (6urte) desproportzionala da, indarkeriazko ekintzarik gabe. Egoera politikoa aldatu dela nabarmendu du, hala ere, defentsak, eta auzitegiaren doktrina ezin dela estatikoa izan, legean oinarrituta.
Ustezko tratu txarrak ikertu zirela zalantzan jarri du gaur, berriz, Luis Barroso fiskalak atzo egin zuen bezala, baina, hala ere, gazteek polizia etxean egindako deklarazioak erabili ditu gaur ere beren aurkako karguak arrazoitzeko. Fiskalak amaitu ostean, Dignidad y Justicia erakundearen txanda heldu da: hamar eta hamabi urteko kartzela zigorrak eskatzeko arrazoiak emango ditu. Defentsako abokatuak izango dira ondorioak azaltzen azkenak.
Litekeena da bihar jarraitu behar izatea epaiketarekin, gaurko amaitzeko asmoa bazegoen ere. Defentsaren ondorioak izango dira entzuten azkenak. Fiskala, gaurko ondorioetan, atzokoaren ildotik ari da: jarraipenetako txostenak, miaketak eta auzipetuen deklarazio polizialak erabiltzen ari da argudioak ematean.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak atzo zalantza agertu zuen 26/11 sumarioko gazteen kasuan, tortura salaketak ikertzeko auzitegiek egindako lana.Inkomunikazio aldiko deklarazioek bere horretan ez dutela froga mailako baliorik onartu zuen, eta horregatik, "beste kanpo elementu batzuk" izan beharko direla kontuan, 36 auzipetuak Segi gazte erakundean zihardutela frogatzeko. Halere, horiek erabili zituen sei urteko espetxe zigor eskaerak berresteko.
Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren ikerketa txostenekin lotzen saiatu zen, gazteak Segiko kide zirela frogatzeko. 2009ko azaroko sarekadaren aurretik gazteei egindako jarraipenen txostenak, miatutako etxebizitza eta lokaletan atzemandako materiala —dokumentuak, propaganda, kamisetak, material informatikoa...—, eta horiei buruz akusazioaren perituek egindako balorazioak. Guardia zibilak eta poliziak dira peritu horiek.
Lotura horiek egitea eta gazteen tortura salaketei sinesgarritasuna kentzea izan ziren fiskalaren arrazoiketaren ardatz nagusiak. Horretarako, inkomunikazio aldian auzi medikuei ez zietela torturen berri eman argudiatu zuen zenbait gazteren kasuan.