Fiskalek txosten gehiago abiatu dituzte desordena publikoengatik

Iazko jardueraz fiskalek egindako balantzearen arabera, Nafarroan %54 ugaritu dira, Gipuzkoan %42, eta Araban %80

mikel p ansa
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Erresistentzia autoritateari, desobedientzia, desordena publikoa, atentatua, baimenik gabe armak edukitzea... Gisa horretako delituak izan dira azken urtean gehien ugaritu direnetakoak. Espainiako Fiskaltzak 2011ko jardunaren datuak eman zituen atzo; eginbideak ez dira sobera handitu 2010eko jardueraren aldean, baina delitu mota batzuek nabarmen egin dute gora; horien artean, ordena publikokoaren aurkakoek. Nafarroan %54,4 ugaritu dira; Araban, %80; Gipuzkoan, %41,6. Bizkaiko Fiskaltzak ez ditu datu xeheak eman. Gipuzkoako Fiskaltzak nabarmendu du datua, gogora ekarrita 2010ean urritu egin zirela delitu horiek.

Fiskaltzen jarduerei begiratuta, badira ñabardurak lurralde batetik bestera. Nafarroan, 2010ean baino eginbide gutxiago abiatu zituen fiskaltzak iazko urtean (%3,7 gutxiago); Araban, %8,6 prozedura gehiago hasi zituen; Gipuzkoan ere gora egin zuen eginbide kopuruak, %4,9; Bizkaian, %1,05 kasu gehiago ireki zituen iaz. Denen artean, 181.530 eginbide abiatu zituzten. Orobat, presazko prozedura gero eta gehiago abiarazten dituzte fiskaltza guztiek.

Delitu gehien-gehienak ondasunen kontra egindakoak dira; hirutik bi izaten dira era horretakoak, batez beste. Nafarroan %13,8 egin dute gora ondasunen kontrako delituek, eta Araban, %3,9; Gipuzkoan, berriz, %2 gutxitu dira, eta Bizkaian, %11. Nafarroako Fiskaltzak nabarmendu du San Fermin jaietan gertatzen diren lapurretek-eta eragin handia dutela estatistika horretan.

Gipuzkoako Fiskaltzak, berriz, ohartarazi du herrialdean jaitsi egin dela ondasunen kontrako delituengatik hasitako prozeduren kopurua, baina etxeetan indarrez egindako lapurretak asko ugaritu direla (%53,2), baita herritarrei indarrez eginikoak ere (%57). Araban ere igo egin diraindarrez eginiko lapurretak (%44).

Argia ostu, pentsioari kale

Bizkaian lapurretak gutxitu egin direla baina iruzurrak %16,4 ugaritu direla ñabartu du herrialdeko fiskalak. Beste ohar bat ere eman du: argindarra osteagatik gero eta auzibide gehiago abiatzen dituztela. Auzitegi guztietan nabaritu dute beste joera berri bat: gero eta gehiago dira senideei pentsioak eta laguntzak ordaintzeari uzten diotenak —Araban, %38 gehiago ziren iaz—.

Bestela, 62 nahi gabeko hilketa eta suizidio ikertu zituzten fiskaltzek iaz. Horiez gain, ustez nahita egindako beste hamabost hilketa ere ikertu zituzten.

Bizkaiko Fiskaltzak nabarmendu du, bestalde, legez kontrako atxiloketek «hazkunde esanguratsua» izan dutela; 47 ikertu zituen fiskalak iaz, eta 21 aurreko urtean. Koakzio batzuk, lehen salaketan, legez kontrako atxiloketa gisa sailkatzen direla azaldu du fiskaltzak. Horregatik, 47 kasu ikertu bai, baina zortzitan bakarrik hasi zituen auzibideak. Askatasunaren kontrako delituak, nolanahi ere, ugaritu egin dira Gipuzkoan eta Araban ere.

Osasun publikoaren kontrako delituetan ere joera ezberdinak sumatzen dira herrialdez herrialde. Araban %61,9 egin dute gora, eta Gipuzkoan, %37; Nafarroan %4,1 gutxitu dira, eta Bizkaian, %11. Kalamu kluben jarduera seinalatu du Bizkaiko Fiskaltzak; Zigor Kodearen aurkako jarduerak egiten dituztela ohartarazi du, eta azaldu du marihuana landaketa «handiak» egin eta gero klubeko kide ez direnei ere saltzen dietela.

Sexu erasoak ere, ugariago

Sexu askatasunaren kontrako delituek ere nabarmen egin dute gora 2011n: Araban, %56; Gipuzkoan, %16,6; Nafarroan, %11.Sexu askatasunaren aurkako delituen barruan eraso ezberdinak hartzen dituzte fiskalek: bortxaketak, sexu abusuak, sexu erasoak, exhibizionismoa... Fiskaltzek emandako datuetatik ez da ondorioztatzen joera bakar bat. Sexu erasoak gutxitu egin dira Nafarroan (iaz, 73), baina ugaritu bortxaketak (iaz, hiru) eta sexu abusuak (iaz, 55). Exhibizionismo delituak ere ugaritu egin dira; zortzi izan ziren duela bi urte, baina hamahiru izan ziren iaz. Araban, berriz, sexu erasoak %187,5 ugaritu ziren iaz. Gipuzkoan, orobat, sexu erasoetan, abusuetan eta adingabeen korrupzioan gorakada nabarmenak sumatu ditu fiskaltzak. Bortxaketak ere, hiru aztertu zituzten iaz, eta 2010ean, bakarra. Bizkaiko Fiskaltzak ere kezka agertu du adingabeen korrupzio eta haur pornografia kasuekin, nahiz eta zehaztu duen sexu abusuak gutxitu egin direla.

Familiako kideei eraso egin dietenen kopuruak ere gora egin du eta, horren barruan, genero indarkeriaren kasuek ere bai, fiskaltzen arabera; bi delituak batera zenbatu dituzte. Familiakoei ez ezik, beste pertsonei egindako lesio kopuruek ere gora egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.