Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusiak uste du herri akusazioak "Fiskaltza paraleloak" direla gaur egun, Justizia "larri" jartzen dutela, "instituzioak ezbaian" ipintzen dituztela, eta egoera hori aldatzeko lege aldaketak egin beharko liratekeela eskatu du.
Egunkaria-ren itxierari buruzko epaiketa aipatu du adibide modura. Fiskaltzak auziaren artxiboa eskatu zuen, baina Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek epaiketa egiteko galdegin zuten, eta epaiketa egin zen azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaimahaiak absoluzioa eman zuen astelehenean.
Ibarretxe auzia-n ere Fiskaltzak artxiboa eskatu baina kasua epaiketara iritsi zen, Ermuko Foroak eta Dignidad y Justiciak hala eskatuta. Dena dela, auzipetuak epaitegira azaldu ziren arren, saiorik ez zen izan, EAEko Auzitegi Nagusiko epaimahaiak herri akusazioa epaiketa egiteko nahikoa akusazio ez dela argudiatu zuelako. Hala ere, gero Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen herri akusazioen eskariarekin soilik ere epaiketa egin daitekeela -auzia artxibatu egin zuen-.
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileari epaiketa egingo diote, 36ko gerran eta frankismoan izandako desagertuen ikerketa hastea bere eskumena ez zelakoan. Manos Limpias, Libertad e Identidad eta Falange elkarteen ekinbide judiziala erabakigarria izan da horretarako, eta Conde Pumpidok gaur adierazi du elkarteok ez dutela "zilegitasunik" ahozko epaiketa "probokatzeko". Luciano Varela Auzitegi Goreneko epaileak hartu du Garzon epaitzeko erabakia.
"Fiskaltza paraleloak" bukatzeko lege aldaketak eskatu ditu Conde Pumpidok
Herri akusazioek "instituzioak ezbaian" ipintzen dituztela uste du Espainiako fiskal nagusiak. 'Egunkaria'-ren aurkako auzia jarri du adibide modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu