EUSKAL PRESOAK

Fiskaltza Uribetxebarria baldintzapean aske uztearen aurka agertu da

Pedro Rubira Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalaren ustez, preso gaixoak ez ditu betetzen askatasuna emateko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak. Fiskaltzaren iritzia jakin ondotik, Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileari dagokio orain azkeneko erabakia hartzea. 

Berria.info
2012ko abuztuaren 27a
22:47
Entzun

Josu Uribetxebarriari baldintzapean aske uztearen aurka agertu da Pedro Rubira Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala, preso gaixoak askatasuna emateko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ez dituela argudiatuz. Fiskaltzaren aurkako iritzia jakin ondotik, Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak du orain azkeneko hitza: Uribetxebarria aske utzi edo ez. Aurki jakinaraziko du erabakia. 

Rubiraren esanetan, Uribetxebarriaren sintomak ikusita, haren osasun egoera ez da "terminala". Gaineratu du Donostiako ospitaleko txostenean jasotzen dela tratamenduarekin pronostikoak hobera egin dezakeela. Fiskalak adierazi du presoak ez duela kimioterapia eta erradioterapia tratamendurik jaso, oraingoz, eta horiek elementu garrantzitsuak direla eriaren "benetako bizi-itxaropena" zehazterakoan. 

Iritzia osatzeko, Carmen Baena Auzitegi Nazionaleko medikuak preso gaixoaren osasun egoeraren inguruan egindako txostena izan du kontuan Fiskaltzak. Auzitegiko medikuak onartzen du Uribetxebarriaren minbiziak "pronostiko oso txarra" duela eta haren egoerak "bueltarik ez" duela; baina Baena medikuak uste du Zaballako espetxean trata dezaketela —Donostiako Ospitalearen eta Leongo Ospitalearen (Espainia) txostenek diotenaz bestera—.

Minbizia du Uribetxebarriak, metastasiarekin. Gaur proba batzuk egingo dizkiote ospitalean, gero burezurreko erradioterapia saioak hasi ahal izateko, buruan duen metastasi anizkoitza tratatzeko. Euskal presoak hiltzeko arrisku handia duela berretsi dute txosten mediko guztiek; Donostiako Ospitalearen ustez, urtebetean hiltzeko probabilitatea %90ekoa da, eta auzitegi medikuaren arabera, %50ekoa. 

Donostiako ospitalearen diagnostikoa jakin berritan Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradua ezarri zion presoari, hilaren 17an; baldintzapean aske geratu aurreko pausoa. Presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizia arriskuan jartzen duela argudiatu zuen Espetxeetako Zuzendaritzak. Abuztuaren 1etik dago Uribetxebarria Donostiako Ospitalean.

Iragan ostiralean, Jaiki Hadi elkarteak adierazi zuen Uribetxebarriaren gaixotasunaren jarraipena eta tratamendua preso egotearekin "bateraezina" dela. Uribetxebarriaren kasuak baldintza guztiak betetzen dituela dio elkarteak; eta ohartarazi dute baldintzapeko askatasunerako irizpideak "manipulatzen" ari direla. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.