SER irrati kateak aurreratu duenez eta Europa Press albiste agentziak baieztatu duenez, hilketa bakoitzagatik hogeina urteko espetxe zigorra eskatuko du Fiskaltzak Aguilarrentzat. Gainera, Rebolloren kasuan 209.800 euro ordaintzeko eskatuko du, eta Adaren kasuan, 77.000.
Fiskaltzaren arabera, frogatuta dago Aguilar izan zela bi emakumeak iaz Bilbon hil zituena. Fiskaltzaren arabera, maltzurkeriaz hil zituen, eta Bilboko intrukzio auzitegiko hirugarren aretoko arduradunei ahozko epaiketa hasteko eskatu die.
Aurki beteko da urtebete bi emakumeak hil zituenetik. Rebollo maiatzaren 25ean hil zuen, eta Ada, ekainaren 2an bahitu eta itotzen saiatu ondoren, ospitalean hil zen hiru egun geroago. Epaiketa aurten urte amaieran hasiko dela diote albiste agentziek.
Fiskalaren arabera, bi kasuetan berdin jokatu zuen Aguilarrek, ezustean, defentsarako eta iheserako aukerarik eman gabe. Bigarren kasuan, ordea, emakumea bere gimnasioan indarrez sartzen ikusi zuen Aguilar lekuko batek, eta Ertzaintzari hots egin zion. Ertzainek, atea behera bota, eta hilzorian aurkitu zuten Ada. Aguilar atxilotu zuten han.
Epaiketan kaltetu gisara Rebolloren semeak eta ama aurkeztu dira, eta Adaren ama. Fiskaltzak 32 ertzain deitu nahi ditu deklaratzera, hainbat auzi mediku eta aditurekin batera.