Politika

Fiskaltzak aurkeztu du Auzitegi Gorenean EHAK legez kanpo uzteko eskaera, baita behin-behineko neurri sorta ere

Legez kanpo uzteko ez ezik, badaezpada alderdi horren jarduera eteteko galdegin du, martxoaren 9ko hauteskundeetara aurkez dadin eragozteko; EHAKri zerrendak aurkeztea debekatzeko eskatu du fiskalak eta haren egoitzak behin-behinean ixteko eta diru kontuak bahitzeko ere bai. Auzi kontentzioso-administratiboetako fiskalburu Antonio Narvaez Rodriguezek aurkeztu du txostena Espainiako Auzitegi Goreneko 61. Salan.

2008ko urtarrilaren 29a
12:05
Entzun
Goizeko bederatziak pasatxo zirela erregistratu du Antonio Narvaez Rodriguez auzi kontentzioso-administratiboetarako fiskalburuak EHAK legez kanpo uzteko eskaera Espainiako Auzitegi Gorenean, 61 Salan. Legez kanporatzeaz gain, EHAKren jarduera eteteko galdegin du Fiskaltzak, ilegalizazio prozesuak luze jo dezakeela-eta, beste bide horretatik EHAK martxoaren 9ko hauteskundeetara aurkez dadin galarazteko. Horrenbestez, EHAKren aurkako prozedura abiatu da Gorenean.

Horretaz gain, fiskalak beste neurri batzuk hartzeko ere eskatu dio Gorenari: EHAKri zerrendak aurkeztea debekatzeko, haren egoitzak behin-behinean ixteko eta diru kontuak bahitzeko.

Fiskalak dio EHAK-k Batasunarekin "ohiko hartu-emana" daukala, eta "Batasunak terrorismoa modu sistematikoan laguntzen du". Horretaz gain, Batasuneko 49 laguni dirua ematea ere leporatu dio EHAKri, baita Donostian egoitza bat utzi izan diola ere. AHTren inguruan, berriz, EHAK-k "ETAren aginduak bere" egin dituela uste du Narvaez Rodriguezek, eta horregatik ere neurriak hartzeko eskatu du.

Atzo gai horri buruz "gardentasun osoz" hitz egin zuen Espainiako Gobernuak: EAE-ANV eta EHAKren legez kanporatzea geroz eta hurbilago dago. Hala, gaur, EHAK legez kanpo uzteko lehen urratsa egin du Estatuaren Fiskaltzak Espainiako Auzitegi Goreneko 61. salan alderdi hori legez kanpo uzteko salaketa jarrita. Estatuko fiskal nagusi Candido Conde Pumpidok atzo iragarri zuen moduan, salaketa Alderdien Legearen 9.f artikuluan oinarritu da, «terrorismoa babesten duen erakunde batekin [Batasunarekin] elkarlanean aritzea» zigortzen duena.

Madrilgo Gobernuko presidenteorde eta bozeramaile Maria Teresa Fernandez de la Vegak atzo Madrilen eginiko adierazpenetan argi utzi nahi izan zuen EAE-ANV eta EHAKrekin «betikoa» gertatuko dela. Haren hitzetan, alderdi politiko bat legez kanpo uzteko «nahikoa froga» aurkezten direnean, auzitegien erantzuna zein izango den «begien bistakoa» da. «Espainiako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak eskatutakoa betez gero, ia ziurra da bi alderdi horiek ez direla hauteskundeetan izango».

De la Vegak hizpide dituen froga horiek guztiak Espainiako poliziak pasa den astean Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen eskuetan jarri zuen txostenean oinarritzen dira. De la Vegaren aburuz, poliziak atzemandako dokumentazioan, egun legezkoak diren bi alderdiek Batasunaren egitura ekonomikoki mantentzeko «kutxa komun» bat eratu zuten. Halaber, EHAK eta ANV alderdiak «irensteko», Batasunak «ageriko erabakia» hartu zuela argudiatu du De la Vegak.

Garzonen eskuetan dagoen txostenetan oinarrituz, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Garzon epaileari EAE-ANVren eta EHAKren jardueren etetea galdegingo dio, ostegunean. Espainiako Gobernuak, berriz, bi bide jorratu ahal ditu alderdion legez kanporatzea bultzatzeko.

BIDE DESBERDINAK.«Garaia iritsi da», beraz, bi alderdi politikoak legez kanpo uzteko eta Espainiako Gobernuak«eskura dituen» baliabide guztiez baliatzeko; hala uste du, bederen, Espainiako Justizia ministro Mariano Fernandez Bermejok. Hark iragarri duenez, aste honetan edo datorren asteko «aurreneko» egunetan EAE-ANV eta EHAK legez kanpo uzteko auzi eskea galdegingo dio Estatuko abokatuak Espainiako Auzitegi Gorenari.

Pasa den ostiralean Ministroen Kontseiluak Estatuko zerbitzu juridikoari EAE-ANVren eta EHAKren aurka legez kanporatzeko prozesuari ekiteko agindua eman zion. Espainiako poliziaren aipatu txostenarekin «buru-belarri» ari dira lanean Gobernuaren abokatuak, haiek haien salaketa propioa jar dezaten.

Batasuna legez kanpo utzi zuen epaiaren bidez EAE-ANV eta EHAK legez kanpo uzteko eskaera egingo du Estatuko Abokatutzak ere Auzitegi Gorenean, bi alderdiak Batasunaren «ondorengoak» direla argudiatuta. Bide horrekin epeak askoz laburragoak dira eta, hortaz, hilabete igaro baino lehen izan lezakete prest epaia.

Bide berberetik joko du Estatuko Fiskaltzak ere. Gaur bertan EAE-ANV legez kanporatzeko lehen urratsa emango du eta EHAKrena «berehala» abiaraziko du .

Bi alderdi politikoak legez kanpo uzteko bideak anitzak badira ere, De la Vegaren aburuz, egunotan eztabaidatzen ari den afera PPren agintaldian hartutako erabakietan dute jatorria. «EHAKri 'errepidean sartzeko' baimena eman zion Acebesek; guk errepidetik aterako dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.