Espainiako Fiskaltzak gaur aurkeztu du Auzitegi Gorenean Sortu ez erregistratzeko eskaera. 13:30ak pasata aurkeztu dituzte euren ustez alderdi berriak ETArekin lotura duela frogatzen duten frogak. Eskaeran jasotzen denez, "Batasunak diseinatu, sortu eta onetsi duen alderdia da Sortu, bere presentzia bizitza publikoan mantendu eta hauteskundeetan parte hartu ahal izateko". 168 orrialdetik gorako txostena aurkeztu du Fiskaltzak, eta eskaera hori Estatuaren abokatuak ostegunean aurkeztu zuenari gehitzen zaio. Bihar erabakiko du Gorenak Fiskaltzaren eskaera onartzen duen edo ez.
Eskaera egiteko azken dokumentazioa ostiralean jaso zuen Guardia Zibilaren eskutik Fiskaltzak. Horren arabera, estatutuetik haratago, Sortuk ez du ezer egin ETAren jardueretik bereizteko. Adibide bezala, aurreko asteartean Bizkaian izan ziren atxiloketen ondoren Sorturen "ixiltasuna" jarri dute, baita atxiloketen biharamunean Gasteizen izan ziren kale erasoen ondoren "ez esan ez izana". Gainera, Sorturen sorreraren ekitaldi publikoetan "ETArekin eta Batasunarekin lotura duten hiru pertsonak" parte hartu zutela dio.
Auzitegi Gorenak hiru astebukaera ezarri ditu eskaera horien gainean erabaki bat hartzeko. Hiruetatik lehena pasa den astebukaera izan da. Hauek dira alderdi baten erregistrorako pausoak eta hauteskunde epeak:
Espainiako Gobernua
• Barne Ministerioa. Sortu alderdi berriak Espainiako Barne Ministerioaren erregistroan izena eman zuen otsailaren 9an. Barne Ministerioak erregistrorako pausoak moztu egin ditu, eta Fiskaltzari eman dizkio estatutuak, azter ditzan.
Fiskaltza eta Estatuaren abokatua
• Inpugnatu edo ez. Erregistro eskaera Auzitegi Gorenean inpugnatu edo ez erabaki behar zuten. Bihek ere erregistroaren kontrako eskaera aurkeztu dute.
Auzitegi Gorena
• Tramitazioa. Fiskaltzak edota Estatuaren abokatuak igorritako inpugnazioa jasotzen badu, alegazioak aurkezteko epea ireki behar du. Alderdi berriak hamar eguneko epea izango luke.
• Auzi saioa. Alde guztiek argudioak azal ditzaten auzi saioa egin beharko luke.
• Erabakia. Auzi saioa egin eta egun gutxira iritsiko litzateke. Hauteskunde deialdia baino lehen erabakitzeko denbora dago.
Hauteskunde epeak
• Alderdien parte-hartzea. Hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko alderdiek eta alderdien arteko koalizioek lehendabizi ordezkari orokor bat izendatu behar dute Hauteskunde Batzorde Zentralaren aurrean. Hauteskunde deialdia egin eta bederatzi egun bete baino lehenago egin behar dute, Hauteskunde Legearen arabera. Ordurako, jakina, alderdiak erregistratuta egon behar du. Udal eta foru bozak 2011n maiatzaren 22an izango direnez, tramite hori martxoaren 29tik apirilaren 6ra bitartean bete beharko da. Alderdi berria hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko, apirilaren hasierarako legeztatuta egon beharko da.
• Zerrendak. Deialdia egin eta hamabosgarren egunetik 21. egunera bitartean aurkeztu behar dituzte zerrendak alderdiek, koalizioek edo hautesle elkarteek (apirilaren 13tik 18ra). Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak inpugnatu ahal dituzte, eta Auzitegi Gorenari eskatu baliogabetzeko.