2016ko sanferminetako talde bortxaketan parte hartzeagatik, bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten Guerrerori, eta debekatua du Espainiako Estatutik alde egitea.
Guardia zibilak ordua eskatua zuen aurretik, eta 11:30ean joan zen pasaportea berritzeko bulegora. Hango ordenagailuan haren datuak sartuta, ordea, kondena bat zuela ikusi zuten, eta atzera bota zuten eskaera. Espainiako Poliziak Twitter sare sozialean eman du horren berri.
Fiskaltzak erreakzionatu egin du, eta Guerrero preso sartu behar dela uste du. Hori eskatzeko, auzi saioa egiteko eskatu dio Nafarroako Auzitegiari.
Iruñeko Udalak helegitea
Iragarritakoa egin du gaur Iruñeko Udalak: sanferminetako bortxaketa egin zutenak libre uztea agintzen duen autoaren kontrako helegitea aurkeztu du.
Autoak esaten duenaren kontra, zigortuek ihesari emateko arriskua badagoela dio udalak, kontuan hartuta, epaiaren kontrako helegiteei buruz erabakitakoan orain dutena baino zigor gogorragoa jaso dezaketela. Bestetik, delitua berriz egiteko arriskua ere badagoela argudiatu du udalak.