bateragune auzia

Fiskaltzak 'Bateraguneko' bost auzipetuen zigorrak berresteko eskatuko du bihar

Auzitegi Nazionalak hamarna urteko kartzela jarri zien Otegiri eta Diezi, ETAko buruzagitzat jota, eta zortzinakoa Rodriguezi, Jacintori eta Zabaletari, ETAkoak direlakoan. Auzitegi Gorenak bihar aztertuko ditu defentsen helegiteak.

2012ko martxoaren 27a
17:56
Entzun

Eduardo Torres-Dulce Espainiako fiskal nagusiak jakinarazi du bihar Auzitegi Goreneko saioan Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jazinto eta Arkaitz Rodriguez Bateragune auziko auzipetuen aurkako zigorrak berresteko eskatuko dutela. "Bai, printzipioz bai", esan du Torres-Dulcek Madrilen, kazetarien galdera bati erantzunez.

Auzitegi Nazionalak iazko irailean hamarna urteko kartzela zigorra jarri zien Otegiri eta Diezi, ETAko buruzagitzat jota, eta zortzinakoa Rodriguezi, Jacintori eta Zabaletari, ETAkoak direlakoan.

Defentsen helegiteak dio zigorra "oinarririk gabekoa", "logikaren kontrakoa" eta "zentzugabekerietan eta okerretan oinarritua" dela, eta Auzitegi Nazionalaren epaia bertan behera uzteko zein zigortuak absolbitzeko eskatu dute.

Ezker abertzalean Zutik Euskal Herria ebazpenarekin amaitu zen eztabaida sustatu zuten Otegik-eta, baina ETAren aginduz aritzea egotzi zien Auzitegi Nazionaleko epaiak. Bide politikoen alde egiten du dokumentuak.

Espainiako Poliziak 2009ko urriaren 13an egin zuen operazioa.

Auziaren aurka Amaiur eta EAJ

Otegi, Diez, Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez "berehala eta baldintzarik gabe" aske uzteko eskatu du gaur goizean Amaiur koalizioak Espainiako Kongresuan, baita Auzitegi Nazionalaren sententzia baliogabetzeko ere. 

Amaiurrentzat epai horrek "itxura politikoa" du, eta "salbuespenezko auzitegi batek" eman zuen. "Atzera bueltarik" ez duen testuinguru batean, —ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri ondorengo garaian—, epaia baliogabetu behar dela eta zigortuak aske utzi behar direla berretsi du koalizioak.

Kongresuko prentsa aretoan izan dira Rafa Larreina, Xabier Mikel Errekondo, Sabino Cuadra, Maite Aristegi eta Jon Iñarritu.

PP eta UPD alderdiek Amaiurren eskaera gaitzetsi dute. Alfonso Alonso Kongresuko PPko bozeramaileak esan du Kongresua ez dela "epaitegiei presioa egiteko lekua". 

Amaiurren aldarrikapen bera egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Alternatibak eta LABek.

EAJk esan du Bateragune auziaren oinarrian Espainiako Alderdien Legea dagoela, eta berriro eskatu du lege hori indargabetzeko. Bateragune auziko ebazpena “Euskadiko bizikidetzaren normalizazioan atzerapausoa" dela iruditzen zaio EAJri. "Gaur egun ez du inolako zentzurik ilegalizazio politikaren dinamikari eustea, lege barruan bestelako hauteskunde alternatibak daudenean, eta, gainera, ordezkaritza instituzional nabarmena lortu dutenean".

Josu Erkoreka Espainiako Kongresuko EAJko diputatua zigortuak askatzearen alde agertu da, eta nabarmendu du Bateragune auzia "zentzurik gabea" dela. Haren arabera, bost presoek kartzelan jarraitzeak ezker abertzaleak "biktimismoa praktikatzen jarrai dezan" eragiten du eta ez ditu indar politiko guztiak barnean hartzen.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan du Auzitegi Gorenaren erabakia onartuko dutela, "beti bezala". Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak espero du epaitegiak "baldintza asko" hartuko dituela kontuan, uste baitu epaitegiak ez daudela "egun bizi den errealitatetik at".

Larunbatean hainbat lagun ezagunek Donostian agerraldia egin zuten, bost zigortuen askatasuna eskatzeko. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko 228 irakasle eta langilek ere zigortuak kargurik gabe aske utz ditzaten eskatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.